'Parketarrak', euskaraz jolasean aritzeko egitasmoa, gaurtik martxoaren 25era egongo da martxan
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeek elkarlanean antolatzen duten Parketarrak egitasmoa martxoan egingo dute hiriko hamasei auzotan. Lehen saioak gaur hasiko dira Morlansen, Txomin-enean, Añorgan eta Altzan. Hortik aurrera, martxoaren 25era arte, hiriko auzoetako hainbat parke eta plazetan euskaraz jolasean aritzeko aukera eskainiko dute eta doakoa izango da.
Egitasmoaren helburu nagusia haurrek kalean eta parkeetan euskaraz jolastu eta hitz egitea da. Urtxintxa eskolak aurrera eramango duen egitasmo hau bi programatan dago banatuta: lehenengoa, Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolatuta dago eta bigarrena, Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko umeentzat.
Udalak jakinarazi duenez, 2021ean antolatutako saioek “harrera ona” izan zuten. 1740 haurrek eta 343 gurasok hartu zuten parte eta guztira, 296 saio antolatu ziren. Iaz egitasmo honen parte izan zirien gurasoen ustez, kalean eta parkean jolasteko ohiturari eustea “garrantzitsua” da, eta baita beste jolas batzuetan aritzeko aukera izatea ere: flopi-flopi, Krokodrilo jauna, lau izkinak, baloi eseria eta abar.
Aurten Parketarrak hamasei auzotan ospatuko da: Gros, Antigua, Altza, Añorga, Bidebieta, Loiola, Loiolako Erriberak, Txomin-enea, Martutene, Amara, Amara Berri, Parte Zaharra, Egia, Aiete, Morlans eta Ibaeta. Euskara Batzordeak Donostiako auzo gehienetan daude sortuta eta plangintza bat burutzen ari dira auzoan bertan euskara sustatzeko. Plangintza horien helburuetako bat euskara aisialdi eremuetan erabiltzea da eta horretarako Parketarrak ekimena “oso eraginkorra” dela ikusi dute Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek.