Cabezudok dio modeloak "zuzentzen" zituela soilik, eta erasoak ukatu ditu
Astelehenean zen hastekoa Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako epaiketa nagusia, baina defentsaren eskaera batzuk direla eta, gaur, hilaren 8an, hasi da azkenean epaiketa. Cabezudok berak deklaratu du gaurko saioan, eta astelehenean esan zuen moduan, soilik fiskalaren galderei erantzun die; atzo esan zuen ez zituela Mario Diez akusazioaren abokatuaren galderak erantzungo. Berria egunkariko Arantxa Iraola kazetariak saioaren jarraipena egin du.
“Egongo da jendea munduan argazki hauek gogoko ez dituena”, adierazi du Cabezudok, baita nabarmendu ere horren atzean erlijioa eta “muturreko” ikuskerak egon daitezkeela. Cabezudo ahalegindu da azaltzen nola egiten diren argazki saioak, horrela egozten dizkioten delituak zurituko dituelakoan. Ildo horretatik, azaldu du berarentzat modelo lanak egiten zituzten emakumeak ez direla “txotxongiloak”, eta berak “zuzendu” baino ez zituela egiten; “orkestra zuzendaria” zela esan du. Adin txikiko neskei egindako argazkiei eta horietako batzuek salatutako sexu erasoei buruz galdetuta, Cabezudok esan du nesken baimenarekin egiten zituela argazki beti, eta, adingabeen kasuan, gurasoek ere bazutela argazki saioen berri. Erasoei dagokienez, ukatu egin ditu. Ostegunean berrartuko dute epaiketa salaketak jarri dituzte emakumeen deklarazioekin.
Cabezudoren aurkako lehenengo salaketa 2013an jarri zuen berarekin lan egindakoa zen emakume modelo batek, eta antzeko salaketak ugaritzen hasi ziren. Emakumeen aurkako sexu abusuekin lotutako 32 delitu egozten dizkiote, eta fiskalak 121 urteko kartzela zigorra eskatzen du argazkilariarentzat; akusazio partikularrak, aldiz, 2.338 urtekoa. Cabezudo 2018ko maiatzetik dago behin-behineko espetxealdian –aurtengo maiatzean beteko ditu lau urte horrela, eta legez ezin da lau urte baino gehiago egon espetxean behin-behinean–, nahiz eta dagoeneko zigor txiki batzuk jaso dituen, besteak beste, dokumentu faltsuak aurkezteagatik.