DYAko hainbat boluntario Donostiatik Ukrainara abiatu dira
Gipuzkoako DYAko boluntario talde bat Medykako errefuxiatuen kanpalekura, Ukrainaren eta Poloniaren arteko mugara, abiatu da Donostiatik, 08:00etan. DYAren hiru ibilgailutan joan dira, eta 2.600 kilometroko bidaia egiten ari dira, bihar, hilaren 9an, kanpalekura iristeko.
Zortzi boluntario eta Gipuzkoan bizi den emakume ukrainar bat abiatu dira Medykara, eta material sanitarioa daramate. Era berean, hamasei errefuxiatu ukrainar ekartzea aurreikusten dute; euren senideen etxeetan edo aldundiak eta Jaurlaritzak ahalbidetutako harrera etxeetan biziko dira errefuxiatu horiek.