Egia kaleko Gonzalez zapata denda itxi egingo dute, erretiroagatik
Donostiako Egia kaleko 12. zenbakian dagoen Gonzalez zapata denda itxi egingo dute, 80 urteko ibilbide luzea egin ondoren. Silvia Ruiz jabeak, negozioaren hirugarren belaunaldia egin duenak, erretiroa hartuko du uda amaieran. Baina albiste honek, zorionez, ez du zerikusirik betirako ixten dituzten tokiko merkataritzako negozioen patuarekin. Gonzalez zapata dendak, izen horrekin ezagututa, ateak itxiko ditu, baina Ruizek hedabide honi adierazi dionaren arabera, “sagak jarraitu egiten du”. Uda ostean, bere koinatak zabalduko du zapata denda berria leku horretan bertan, eta etxeko zapatilak izango dira bere espezialitatea.
1942an zabaldu zuen denda Ruizen osabak, orain kokatuta dagoen tokian bertan. Hasieran abarketak saltzen zituzten bertan, baina garaian garaiko modara egokituz, zapata denda bihurtu zen jarraian. Osabaren ostean, Ruizen gurasoek hartu zuten negozioa eta orain bera arduratzen da denda aurrera eramateaz. “Nire erosle nagusiak auzotarrak dira eta oso eskertuta nago beraiekin, batez ere, pandemia garaian ere hemen erosteko apustua egin dutelako eta aurrera egiten jarraitzeko indarra eman didatelako”, adierazi du Ruizek.
Uda ostean, stocka amaitzen zaionean, erretiroa hartuko du eta hortik aurrera “bizitzea” tokatzen zaiola adierazi du. “Oso gazte ginela hasi ginen lanean senarra eta biok, eta zorionez, ez dugu erretiroa hartzeko arazorik. Oso gutxirekin konformatzen gara eta orain bizitzea tokatzen zaigu”, azaldu du Ruizek. Hala ere, denda ixten duenean ez dio bertara joateari utziko, adierazi duenez, bere koinataren eta bezeroen artean “zubia eraikitzeaz” arduratuko baita.