Groseko hilketaren epaiketa epaiaren zain dago
Epaiaren zain geratu zen atzo Donostiako Gros auzoko pub batean 2020ko martxoan izandako istilu baten ondorioz gizon bat 40 labankada baino gehiagorekin hiltzea leporatzen dioten gaztearen epaiketa. Gertaera Groseko Katalunia plazan jazo zen, akusatuak, 27 urteko gazteak, 47 urteko gizon bat labankadaz hil zuenean. Gipuzkoako Auzitegiko Hirugarren Sekzioko epaileak herri-epaimahaiari eman dio epaiaren xedea.
Atzo, epaiketaren hamaikagarren eta azken egunean, akusatua azken hitzerako eskubidea erabiltzen hasi zen, “historia pixka bat kontatzea” gustatuko litzaiokeela adieraziz, baina abokatuak akusatuari belarrira hitz batzuk esan ostean, ez zuela “ezer gehitzeko” adierazi zuen. Aurreko saioetan hainbat aldiz kanporatu izan dute gaztea epaiketa aretotik, fiskala eta akusazio partikularreko abokatua iraintzeagatik eta magistratuari aurre egiteagatik.
Fiskaltzak 25 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatu nagusiarentzat, azpikeriaz eta ankerkeriaz egindako hilketa delitu baten egile izateagatik, eta urte eta erdikoa gertakarien goizaldean berarekin zegoen emakumearentzat, estalketagatik auzipetua. Bere aldetik, akusazio partikularrak, hildakoaren familiak alegia, 25 urteko espetxe zigorra eskatzen ditu hiltzailearentzat eta bi urtekoa emakumearentzat.
Akusazioaren defentsak absoluzioa eskatu du, baina kondenatzen badute, asaldura psikikoaren eta drogek eta alkoholak eragindako intoxikazioaren salbuesleak aplikatzeko eskatu du.