Loiolako kuartelen lursailaren eskualdatzea negoziatzen ari da udala
EAJk eta Espainiako Gobernuak 2020aren bukaeran akordioa lortu zuten, Loiolako kuartelek gaur egun hartzen duten lursaila udalaren esku uzteko, han etxebizitzak eraikitzeko. 2021ean zehar egin behar zuten lursailaren eskualdatzea, baina ez zen gertatu. 2022ko lehen hiruhilekoa aipatu zuen gerora Donostiako Udalak. Hiruhilekoa betetzear dela eta, gaiaren inguruan galdegin diote Eneko Goia alkateari. Martxoak 31 egun dituela nabarmendu du Goiak, eta lanean jarraitzen dutela: “Sukaldean gaude”. Hitz horietatik ondoriozta daiteke bi aldeek negoziatzen jarraitzen dutela akordio bat lortzeko.
Bestalde, Espainiako Defentsa Ministerioak ekainak 30a bitarteko epea eman diela Loiolako hipikako erabiltzaileei lur horiek uzteko. Eremua armadarena da, eta Donostiako kuartel militar berria han jartzeko asmoa dute. Horren inguruko berritasunik ez dago.