Milaka lagunek bat egin dute Emakumeen Nazioarteko Eguneko manifestazioarekin
“Aurten, aspaldi ez bezala elkartu gara eta pozgarria da hori. Indar handia dugula erakutsi dugu beste behin ere!”, adierazi du Donostiako Asanblada Feministak martxoaren 8ko manifestazio jendetsuaren bukaeran. Iazko manifestazioa pandemiak baldintzatu zuen, eta aurtengoa normaltasun osoz egin ez bada ere, jatorrizko izaera berreskuratu du.
Milaka lagunek parte hartu dute arratsaldeko manifestazioan. 18:30ak pasata abiatu da Antiguako tuneletik Zapaltzen gaituen sistemari sua! lelopean, eta ordubete luze behar izan du Bulebarrera iristeko. Manifestazioan askotariko eragileek parte hartu dute. Besteak beste, Emakumeen Etxeak, Intziri neska* gazteen taldeak eta Groseko asanblada feministak.
Azken bi urteak zailak izan direla nabarmendu dute bukaerako ekitaldian, eta “tamalez” aldatu ez den zerbait nabarmendu dute: “Sistema zisheteropatriarkal, kapitalista eta arrazista. Are, zalantzarik gabe esan dezakegu bi urte hauetan indartu egin dela eta, batez ere, bere gordintasun osoan ikusi ahal izan dugula. Sistemak etengabe sortzen dituen desberdinkeriak eta injustiziak nabarmen handitu dira. Aurreko urtean ere argi salatu genuen hori, eta behar den guztietan errepikatzeko prest gaude. Zapaltzen eta hiltzen gaituen sistema zisheteropatriarkal honekin amaitu arte borrokan jarraituko dugu!”.
Duela lau urte antolatu zuten lehen grebatik zaintzaren gaia “diskurtsoen erdigunera” ekartzen ari direla esan dute; “geroz eta argiago dugu zer nolako zaintza sistema nahi dugun, eta gure aldarriak ere geroz eta argiagoak dira”. “Egungo zaintza eredua emakumeon* esplotazioan oinarritzen da, eta bereziki, emakume* migratuenean: aliantza zisheteropatriarkal, kapitalista eta kolonialista da. Publikoa, doakoa, integrala eta komunitarioa izango den zaintza sistema bat exijitzen dugu”.
Zaharren egoitzetako egoera ere salatu dute, “Gipuzkoako erresidentzietan bizi duguna, zehazki”. “Sistema publikoa desegiten ari dira, eta pribatizaziorako bidea irekitzen, zaintza merkantilizatzeko aukerak biderkatuz. Horrek langile publikoen egoera kaskartzeaz gain, indibidualismorako joera, klase arrakala eta komunitatearen galera sortzen du”.
Hiri eredua
Donostiako Asanblada Feministak hiri eredua kritikatu du: “Zer ari dira egiten gure hiriarekin? Zein hiri eredu ari dira bultzatzen? Bada, argi dago ez dela guk nahi dugun hiri eredua. Etxebizitzaren espekulazioan eta turismoan oinarritutako hiri eredu honek gure bizitzak are bazterrerago kokatzen ditu. Etengabe ari gara esaten bizitzak erdigunera ekartzeko unea dela, eta etengabe bazterrera bultzatzen gaituzte”.
Berdintasun Sailetan egiten ari diren murrizketak ere kritikatu dituzte, eta Donostiako Emakumeen Etxeak bizi duen egoera ohartarazi dute: “Hamaika urte daramatza behin behineko egoera batean, esleitu zitzaigun eta inoiz eman ez zaigun 2.000 metro koadroko lokal baten esperoan. Gaur egun, 1.600 bazkide gara eta antolatzen ditugun jarduera guztiek kontzientzia feminista sortzeko, berdintasun politika publikoak indartzeko eta indarkeria matxistari aurre egiteko balio dute. Horregatik, Donostiako Udalak hiriaren erdigunean kokatuko den ekipamendu egoki bat eman behar digula ozen aldarrikatu nahi dugu gaurkoan ere. Etxe handiago bat behar dugu eta ez dugu aitzakia edo atzerapen gehiagorik onartuko”.
“Gure bizitzek merezi dute. Borrokak merezi du! Gora borroka feminista!” oihuarekin bukatu dute Bulebarrean egindako ekitaldia.