Emakumea protagonista duen euskal gastronomiaren historiari buruzko erakusketa zabaldu dute Garberan
'Gatza eta Piperra' erakusketaren aurkezpena (Argazkia: Garbera) Erromatar garaitik gaur egun arte, euskal gastronomian emakumeek izan duten garrantzia islatzen duen Gatza eta Piperra erakusketa zabaldu dute Garberan. Euskadiko gastronomian emakumea presente zegoen esparru guztiak hartzen ditu: nekazaritza, abeltzaintza, arrantza, merkataritza, elikagaien kontserbazioa, prestakuntza eta zerbitzatzea, besteak beste. Eta emakumeek gastronomia arloan gaur egun betetzen dituzten postu garrantzitsuen berri ere ematen du: sommelier, sukaldeburu, hoteleko zuzendari, nutrizionista, idazle edo kazetari gastronomiko, adibidez.
Gastronomian aritu diren emakumeen historia berreskuratzea da helburua. Antolatzaileek adierazi dutenez, ibilbide horretan ia ez dago erreferentziarik: “Ia ez dago izen propiorik, eta haien lana ez da oso aintzat hartua izan; ez da haien lana zabaldu eta ezta haien biografia ere”, azaldu dute. Hori dela-eta, xede nagusia nazioartean ospe handia duen euskal gastronomiari bertako emakumeek egin dioten ekarpenari balioa ematea da. Luisa Telleria da erakusketaren komisarioa, eta Aizpea Goenagaren , Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen eta Kino Martinez bertako idazkari nagusiaren laguntza ere badu.


