Epaimahaiak erruduntzat jo du Groseko hilketaren akusatua
Astelehenean amaitu zen Groseko hilketaren inguruko epaiketa, eta epaimahaiak erruduntzat jo zuen atzo, hilaren 8an, akusatua. 27 urteko gizonak gertakarien egunean 46 urte zituen gizona hil 40 labankadaz baino gehiagoz hil zuela ebatzi du epaimahaiak, eta haren emakume bikotekidea estalketa delitutik absolbitu du. Groseko pub batean 2020ko martxoaren 14ko gauean gertatu zen hilketa: biktima akusatuaren bikotekidearekin dantzatzen saiatu ostean, akusatuaren eta biktimaren arteko istiluak izan ziren.
Epaimahaiak ebatzi du azpikeriaz eta ankerkeriaz jokatu zuela akusatuak, eta baztertu egin du sustantzia estupefazienteen kontsumoaren eraginpean egotea, baita psikopatiaren bat izatea ere. Era berean, epaimahaiak ondorioztatu du biktima ez zegoela bere burua defendatzeko moduan, alkoholaren kontsumoa dela eta, bere gaitasunak ahulduta zituelako. Horregatik guztiagatik, akusazioek hilketa batengatik eskatu daitezkeen zigorrik altuenak eskatu ahal izan dituzte. Akusazio partikularrak eta fiskalak 25 urteko espetxe zigorra eskatu dute akusatuarentzat, eta defentsak, hasieran absoluzioa eskatzen zuenak, 15 urteko espetxe zigorra eskatu du, hilketa batengatik ezarri daitekeen zigor minimoa, alegia. Horrez gain, fiskalak 60.000 eta 50.000 euroko kalte ordainak eskatu ditu biktimaren amarentzat eta arrebarentzat, hurrenez hurren. Akusazio partikularrak, biktimaren familiak, 200.000 eta 100.000 euroko kalte ordainak eskatu ditu. Akusatuak jasoko duen zigorra epaileak ezarriko du, datozen egunotan.
Emakumeari dagokionez, epaimahaiak onartu egin du beldur gaindiezinaren salbueslea, eta ebatzi du akusatuak bera edo bere familia eraso zezakeelako beldur zelako estali zuela hasiera batean. Bi urteko espetxe zigorra eskatzen zuten berarentzat, baina epaimahaiak absolbitu egin du. Ebazpena entzun bezain laster, emakumeak aretoa utzi zuen, baina akusatua han gelditu zen, zigor eskaerak entzuten.