Gaetano Donizettiren opera bat eskainiko dute 83. Donostiako Musika Hamabostaldian
Abuztuan egingo dute 83. Donostiako Musika Hamabostaldia eta gaur kartelaren aurkezpenean aurreratu dutenez, Gaetano Donizettiren La hija del regimento opera ikusteko aukera izango da. Xabier Anduaga eta Elena Sancho operako abeslari donostiarrek interpretatuko dute, eta beraien ibilbidean zehar batera abesten duten lehenengo aldia izango da.
Aurtengo edizioko kartela Azucena Vieitesek (Hernani, 1967) egin du eta bideo batetik hartutako irudi bat da. Urdina da kartelaren kolore nagusia eta itsasoa edo ura iradokitzen du. Karteleko distirek, aldiz, udako argia gogorarazten dute. “Hamabostaldia udan ospatzen denez, irudiak ekitaldia ospatuko den garaiarekin zerikusia izatea nahi nuen”, adierazi du Vieitesek. Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatu zen 1991ean, eta orain arte bere artelanak kultura bisual garaikidea aintzat hartuta burutu ditu. Horretarako, marrazkia edo serigrafia baliatu ditu, besteak beste. Bere proposamenen ezaugarriak dira ugaritasunaren, zatikatzearen, edo errepikapenaren erabilpena, irudi absolutuarekin hausteko.
Bere aldetik, Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiaren zuzendariak nabarmendu du Errusia eta Ukrainaren arteko gerrak Musika Hamabostaldian eragina izan dezakeela kostuak altuagoak direlako, besteak beste. Hala ere, eragina “ez dela hain handia izango” adierazi du. Horrez gain, iragarri du inori ez diola bere nazionalitateagatik betoa jarriko, “gerraren aurka dauden errusiarrak ere badirelako”.