"Irudiak musikak naraman leku berberera eramatea atsegin dut"
Azucena Vieitesek (Hernani, 1967) sortu du 83. Musika Hamabostaldiko kartela, eta itsasoa eta udako argia islatzen dituen bideo batetik hartutako irudia erabili du horretarako.
Nola hartu zenuen kartela egiteko gonbidapena?
Ilusio handia egin zidan, baina ardura handia ere sentitu nuen. Batzuetan, ardurak blokeatu egin zaitzake.
Hori gertatu zitzaizun?
Ez. Esperientzia daukat lanean eta gauzak aurrera eramaten ondo moldatzen naiz, zorionez.
Zertan inspiratu zara?
Musika asko entzuten dut lan egiteko, eta musikak gustuko dudan lekura eramaten nau. Irudiak musikak naraman leku berberera eramatea atsegin dut eta hori guztia neukan buruan karteleko irudia aukeratzerako orduan.
Bideo batetik hartutako pantaila-irudia aukeratu duzu azkenean.
Bai, 2013an Madrilgo Reina Sofia museoan izan nuen erakusketa baterako egin nuen bideoa. Bideoklip musikal baten itxurakoa da, eta zati batean tekno itsurako soinu bat errepikatzen da naturako irudiekin lagunduta. Karteleko irudia momentu horretako pantaila-irudia da eta distirak ditu uretan islatuta. Abuztu batean grabatu nuen, kalitate baxuko kamera batekin.
Aukera askoren artean egon zinen, baina irudi hau hautatu zenuen kartelerako. Zergatik?
Beste irudi bat ere gustatzen zitzaidan, baina honek zerbait berezia zuen niretzat. Taldearekin hitz egin nuen, eta azkenean pentsatu genuen hau zela egokiena.
Zuri, pertsonalki, zer transmititzen dizu kartelak?
Aspalditik neukan irudia hor nonbait, baina inoiz ez neukan erabilita. Bertsio desberdinak dauzkat, distira desberdinak dituztenak, baina hau da kartel baterako gehien gustatzen zaidana. Ikusi nuenean, ez nuen bi aldiz pentsatu, banekien hori aukeratuko nuela.
Gustuko al duzu Musika Hamabostaldia?
Herritar bezala jarraitzen dut, baina, egia esan, uste dut inoiz ez naizela kontzertu batera joan. Hala ere, gipuzkoarra izanik, ezagutzen dut eta oso jardunaldi garrantzitsua dela iruditzen zait.