Antzerkia eta dantza uztartuko ditu Dferiak martxoaren 14tik 17ra
Martxoaren 14tik 17ra egingo dute XXVIII. Dferia jaialdia eta guztira, 26 konpainien 26 ikuskizun eta 40 emanaldi izango dira Donostiako hainbat antzeztokietan. Gaur goizean aurkeztu dituzte programazioko hainbat antzezlan, eta nabarmentzekoa da Aukeran dantza konpainiak, Edu Muruamendiaraz dantzariaren zuzendaritzapean, Migratzaileak lana estreinatuko duela larunbatean eta igandean, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian. Ez ohiko proposamena egingo du ikuskizun berri honekin: migrazioaren izaera unibertsalean murgilduko da dantza eta performance kutsuko baliabideen bitartez, publikoarekin batera migrazioaren gaiarekiko beldurrak eta aurreiritziak arintzeko. Euskal Herriko migrazioaren historia propioari begiratuko dio, egun mundu osoko migrazioek dakarten kezka ulertzen saiatzeko.
Hilaren 14ean, Tabakalerako Kutxa Kultur plazan, 13:30ean, Adriana Bilbaoren flamenko konpainiak omenaldia egingo dio Bilbaoren aitonari, Telmo Zarra Athletic-eko futbol jokalariari, Zarra 9.0 koreografiaren bidez. Iaz 100 urte bete ziren Zarra jaio zenetik, eta Bilbaok etorkizunerako proiektu handiago bat prestatu badu ere, koreografia honek gorazarre egingo dio bere aitonari.
Egun berean, 16.45ean, Victoria Eugenia Club aretoan, Kulunka antzerki konpainiak Hegoak antzezlana eskainiko du. Garbiñe Insausti abeslari eta aktore hernaniarrak eta Iñaki Salvador pianistak bidaia musikal eta emozional bat eskainiko dute, denok ezagutzen ditugun Mikel Laboa edo Imanolen melodietatik abiatuta. Baina ez da kontzertu hutsa izango, proposamen teatrala da, zeinak Lorca edo Pessoa bezalako idazleen testu laburrak ere barne hartzen dituen.
Hilaren 14, 15, 16 eta 17an, Victoria Eugenia Antzokian, 18:30ean, Tanttaka Teatroak Mi hijo sólo camina un poco más lento antzezlana eskainiko du. Testuaren gai nagusia bizitzaren iheskortasunari buruzko hausnarketa eragiten duen gaixotasuna da, eta nola aurre egiten diogun, gure iraungitze-data kontuan hartuta. Beste askoren antzera, Mia ezinbesteko emakumea da bere etxeko egunerokoan. Bere baitako deabruen aurka borrokatzen da, ama, aita, alaba, senar «disidentea» eta, batez ere, Branko semea zaintzen dituen bitartean —Brankok endekapenezko gaixotasun izengabe bat du, eta mugitzeko ahalmena ari da galtzen—.
Hilaren 14ean Erre Produkzioak-ek Fake begiari tranpa eskainiko du Intxaurrondon, 18:30ean. Espazio eta denbora aldetik batasun bat mantenduz, lan honetan egunerokotasun baten barruko egoera berezi baten erretratua egiten da: urte berri baten sarreraren ospakizuna, alegia. Baina afariak irauten duen bitartean gertatzen dena ez da ohikoa. Eta are gutxiago ospatu daitekeen zerbait. Afaria eta kanpaien arteko momentu batean, Pablok Uxue bortxatuko du eta familia honen arteko harreman guztiek eztanda egingo dute. Antzezlan honen gaztelerazko bertsioa Intxaurrondon eskainiko dute hilaren 15ean 11:15ean.
Hilaren 15ean, Inextremis konpainiaren eskutik El rey tuerto ikusteko aukera izango da, Antzoki Zaharrean, 18.30ean. Antzezlan honetan, aspaldi elkar ikusi ez duten Lidia eta Sandra lagunek afari bat antolatuko dute euren senargaiak ezagutzeko: David, istiluen kontrako polizia bat, eta Ignacio, manifestazio batean gomazko pilota baten ondorioz begia galdu zuen dokumentalista soziala.
Hilaren 16an, 13:00an, Gasteszenan Arnasa antzezlana eskainiko du Organik konpainiak. Arnasketak sortzen dituen sentsazio desberdinetan zehar bidaia egingo dute bertan. Dantza eta antzerkia elkartzen ditu lan honek eta aniztasun funtzionala duen pertsona bat ere arituko da oholtzan lanean.
Eta egun berean, Antzoki Zaharrean La Dramatica Errantek Altsasua eskainiko du, 18:30ean. 2016ko urriaren 15eko gauean Altsasun gertatuko istiluen berri ematen duen obra bat da.
Dferiaren egitarau osoa hemen ikus dezakezue.