Cabezudoren kontra deklaratu duten emakumeen testigantzak "sinesgarriak" iruditu zaizkio fiskalari
Gaur hasi dira deklaratzen Kote Cabezudoren akusatzaileak, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian. Hiru emakumek deklaratu dute, eta datorren astean epaiketari jarraipena emango diote biktima gehiagoren lekukotasunarekin. Guztira, hamazazpi biktima dira epaitegian deklaratuko dutenak. Berria egunkariko Arantxa Iraola kazetariak saioaren jarraipena egin du.
Prentsak gaur ez du auzi aretoan sartzeko erarik izan; biktimen intimitatea babeste aldera, ateak itxita egin dira gaurko deklarazio hartzeak. Saioaren bukaeran hitza hartu du fiskalak. Adierazi du “sinesgarriak” egin zaizkiola guztiz emakumeen lekukotasunak, eta “kontraesanik” ez dela egon esan dituztenen artean. Nolanahi ere, gogorarazi du epaimahaiak neurtu beharko dituela orain ondo emakumeen hitzak, epaiketan hitz egingo duten lekuko eta perituenak, eta horien guztien arabera ebatziko duela sententzia bat.
Hasi besterik ez da egin epaiketa, beste lau aste geratzen dira. Akusazio partikularreko abokatu Mario Diezek adierazi du emakumeek salatzen dituztenak berresteko irudiak ere badaudela. “Esaterako, objektiboa da haur pornografia sortu zuela. Objektiboa da modelo hainbat, Cabezudorekin argazkian egin zituztenean, adingabeak zirela… Nahi duena esan dezake argazkilariak, baina nortasun agirietako datuak hortxe daude, eta perituek egiaztatutako informazioak ere bai”. Akusatuak berak asteartean izan zuen epaimahaiaren aurrean hitz egiteko era; guztiz ukatu zituen emakumeen kontrako erasoak, haien baimenik gabe egindako argazkiak.
Cabezudoren aurkako lehenengo salaketa 2013an jarri zuen berarekin lan egindakoa zen emakume modelo batek, eta antzeko salaketak ugaritzen hasi ziren. Emakumeen aurkako sexu abusuekin lotutako 32 delitu egozten dizkiote, eta fiskalak 121 urteko kartzela zigorra eskatzen du argazkilariarentzat; akusazio partikularrak, aldiz, 2.338 urtekoa. Cabezudo 2018ko maiatzetik dago behin-behineko espetxealdian –aurtengo maiatzean beteko ditu lau urte horrela, eta legez ezin da lau urte baino gehiago egon espetxean behin-behinean–, nahiz eta dagoeneko zigor txiki batzuk jaso dituen, besteak beste, dokumentu faltsuak aurkezteagatik.