Frankismoaren biktima izan diren emakumeen memoria berreskuratzeko eskatu du Elkarrekin Donostiak
Elkarrekin Donostiako Haizea Garai zinegotziak udal gobernuari eskatu dio frankismoaren biktima izan diren emakumeen memoria berreskuratzeko. Nabarmendu duenez, udalak errepresaliatutako emakumeen zerrenda zabala du udal langile guztien artean. 1936 eta 1940 bitartean araztu eta errepresaliatu zituzten. “Hala ere, emakume horietako bakar bat ere ez da aztertu, eta ez da sartu tokiko epaitegietara joateko prestatzen ari den kereila planteatzeko zerrendan, ezta Maria Servinik irekitako auzia zabaltzeko ere”, esan du Garaik.
Horrekin batera, Elkarrekin Donostiako zinegotziak adierazi du emakume horietako bakar batek ere ez duela Donostian hura gogoratuko duen kalerik: “Udal langile izateagatik bakarrik jasan zuten eskubide urraketarengatik mereziko lukete”. 36ko gerran eta ondoren diktadura frankistan “kolpistek ahalegin berezia” egin zuten emakumeen aurkako jazarpenean eta eskubideen urraketan, “emakumeek Errepublikan zehar lortutako askatasunak zigortzeko”. Emakumeen aurkako “irainak, torturak, bortxaketak, espetxeratzea eta hilketa” estatu osoan gertatu zirela nabarmendu du Garaik. “Donostiako emakumeek ez zuten egoera horretatik ihes egin; adibidez, Madrilgo ekialdeko hilerriko horman hamahiru arrosak fusilatu zituztenean, horietako bat, Blanca Brisac, donostiarra zen”.
Garaik gaineratu du borroka feministak eta eskubide zein askatasunetan aurrera egiteko konpromisoak ondorengoa eskatzera bultzatzen duela gizartea: “Memoria justu bat eskatzera historian zehar urraketa desberdinak jasan dituzten emakume guztientzat”.