Aita Donostiaren eta Francisco Manalten konposizio argitaragabeak bildu dituzte Josu Okiñenak eta Liana Gourdjiak
Josu Okiñena pianista donostiarrak eta Liana Gourdjia biolinista errusiarrak disko berezi bat aurkeztu dute Donostian: Xarmak. Okiñenak euskal musika klasikoa berreskuratzeko, balioztatzeko eta zabaltzeko egin duen apustuaren parte da diskoa, 2021ean Eusko Jaurlaritzarekin aurkeztutako OE Oficina egitasmoaren bidez. Xarmak-en, lehen aldiz, XX. mendeko euskal musikaren ondare baliotsua jaso dute biolinerako eta pianorako. Besteak beste, Aita Donostiaren hiru konposizio handi berreskuratu dituzte, baita deskatalogatutako Guridiren beste lan bat ere. Okiñenak eta Gourdjiak urteak daramatzate nazioarteko agertokietan elkarrekin jotzen eta Musikenen irakasten, baina estreinakoz grabatu dute disko bat: “Estudioan egiten dugun lehen grabazioa da, musika oso antzera ulertzen dugu eta kuriositate berbera dugu errepertorio berriak bilatzeko”, azaldu du Okiñenak.
Pianistaren arabera, diskoaren izenak “xarmei egiten die erreferentzia, benetan ederrak diren abesti hauei, musika bitxiak direlako, kultura bonboiak, ahaztutako altxorrak”. Ildo horretatik, nabarmendu dute diskoak Ravelen eta Sarasateren gisako konpositoreen euskal kulturaren ezagutzatik ulertutako eta adierazitako beste kanta batzuk dakartza, esaterako, XVIII. mendeko Espainiako Gorteko kide zen Francisco Manalten sonata bezalako obra, Aita Donostiak harmonizatutakoa.
Diskoarekin berreskuratu dituzten konposizioen artean, Aita Donostiaren argitaratu gabeko bi erromantza daude: “Euskal errepertorioko lan horietako batzuk grabatzen eta argitaratzen diren lehen aldia da, orain arte egin ez delako, Aita Donostiaren bi erromantzekin gertatu den moduan; partiturak argitaratu ditugu, eskuizkribuetan zeudelako, eta orain audioan, disko formatuan daude”, nabarmendu du Okiñenak.
Raveli dagokionez, honakoa adierazi du pianistak: “Ravel erabili dugu euskal lurraldeko musikaren nazioartekotze handienaren eta beste baten arteko ardatz gisa, eskuizkribuetan gordeta zegoena eta kalitate handikoa dena. Konposizio horien audiorik ez zegoen”.