"Migratzaile senegaldar baten bizitza hartu dugu ardatz egoera horretan dauden pertsonen bizipenak kontatzeko"
Aukeran dantza konpainiak, Edu Muruamendiaraz dantzariaren zuzendaritzapean, ‘Migratzaileak’ lana estreinatuko du larunbatean eta igandean, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian. Ez ohiko proposamena egingo du ikuskizun berri honekin: migrazioaren izaera unibertsalean murgilduko da dantza eta performance kutsuko baliabideen bitartez, publikoarekin batera migrazioaren gaiarekiko beldurrak eta aurreiritziak arintzeko.
Esperientzia pertsonal batetik sortu zen ‘Migratzaileak’ sortzeko ideia. Zein da esperientzia hori?
Aukeran dantza konpainiako Ane Anza Kenyako umezurztegi batean egon zen hilabete batez. Umeekin egon zen lanean eta nahiko hunkituta itzuli zen handik. Aurten zerbait berezia egin nahi genuen Aukeran-en eta ideia pila bat atera ziren. Horien artean, Anek bere esperientziarekin lotutako zerbait egitea proposatu zigun eta pentsatu genuen gai garrantzitsua jorratzen zuela. Nik garbi neukan Migratzaileak izena potoloa dela eta ez nuela nahi gaia politikoki landu, poetikoki baizik. Gidoia Oier Guillanek prestatu du eta hortik abiatu gara. Duela zazpi hilabete Joro izeneko migratzaile senegaldar bat ezagutu genuen, eta hiru edo lau aldiz elkartu ginen berarekin solasteko. Bere bizitza hartu dugu ardatz horrelako egoeran dauden pertsonen bizipenak kontatzeko.
Nola uztartzen dituzue antzerkia eta dantza horrelako zerbait kontatzeko?
Antzerki gutxi daukagu, azken finean dantza-ikuskizun bat baita. Lan zaila izan da, urtebete daramagu honekin bueltaka eta egoera nahiko konplikatua izan da, baina gogoz gaude ikuskizunaren estreinaldirako.
Dantza tradizionala du oinarrian. Zergatik?
Duela 25 urte hasi ginenetik, melange dantzak egiten ditugu: dantza estilo desberdinak konbinatzeari deitzen diogu horrela. Baina oinarri printzipala dantza tradizionala da beti, nahiz eta dantza garaikidea, klasikoa eta beste estilo batzuekin uztartzen dugun. Horrela hasi ginen eta horrela jarraitzen dugu gaur egun ere. Horrez gain, ikuskizun honetan zortea izan dugu koreografo profesional batekin, Iker Karrerarekin, kontatu ahal izan dugulako. Bere munduko mugimendu guztiak erakutsi dizkigu, baina gure mugimenduak sartzen ere ausartu da. Beraz, konbinazio indartsu bat sortu du eta koreografia oso berezia eskainiko dugu ikuskizun honetan.
Estreinaldia izango da gainera. Nolako harrera izango duela uste duzue?
Hori ez dakigu, estreinaldiaren ostean ikusi beharko da. Baina iaz, abenduaren 18an, Migrante Eguna ospatu zen eta egoitza Urnietan dugunez, ikuskizun bat eskaini genuen bertan jendeak gure lana nondik zihoan ikus zezan. Bost koreografia inguru egin genituen, eta jendearen erantzuna nahiko positiboa izan zen. Hori oinarri hartuta orain ikuskizun indartsu bat muntatu dugu eta publikoari gustatzea espero dut. Transmititzen ditugun sentimenduek jendearengan zerbait eragitea gustatuko litzaidake, hori da niretzako garrantzitsuena.
Zortzi dantzarik eta off ahots batek osatzen dute ikuskizuna. Off ahots hori publikoa erakartzeko gakoa izan daitekeela uste duzu?
Bai, azken finean koreografiei zentzu bat emateko balio du. Intza Alkainen ahotsa da, baina horren bidez dantzariek pentsatzen dutena islatu nahi da. Jororen ahotsa ere agertzen da, eta berak bizitako pasarteak kontatzen ditu. Nik uste dut hori oso garrantzitsua izango dela jendeak bere historia ezagutu dezan.