Rosa Valverderen paperezko obraren zati handi bat dohaintzan eman diote San Telmo museoari
Rosa Valverde artista donostiarraren (Donostia, 1953 – Azkaine, Lapurdi, 2015) familiak haren obra argitaragabearen zati handi bat dohaintzan eman dio San Telmo museoari. “Paper, kartulina eta kartoi gainean egindako 197 lan dira. Ohiko euskarriez gain, lan horietako askotan Valverdek unean eskura zeuzkan materialak erabiltzen ditu: eskolako marrazketa koadernoak, idazketa orriak, opari paperak edo kartoizko erretiluak, horrek, nolabait, sorkuntza horien izaera intimo eta espontaneoa erakusten duelarik”, azaldu du museoak.
Museoari dohaintzan eman dizkioten obrak marrazkiak dira, Valverderen alderdi ezezagunenetako bat. Izan ere, ez zituen erakusketetara eramaten normalean; horregatik, hain zuzen ere, artista hil ondoren bere estudioko karpetetan gordeta zeuden marrazkiak aurkitzea ezustekoa izan zen familiarentzat. Bere lanik ezagunenak olioarekin margotutakoak dira, baina, azkenaldian, familia Valverderen alderdi artistiko ezezagunenak ezagutzera ematen saiatzen ari da: San Telmon arte kaxen erakusketa jarri dute eta Ekain arte galerian grabatuena.
“Ondare hau, gainera, aukera bikaina da sortzailearen oroimena gordetzeko, arte diskurtso pertsonaleko artista berezia baita, gerraosteko abstrakzioaren patroietatik zein belaunaldiko egile garaikideen artean ohikoa den pop, ironiko eta surrealista oroitzapenez tindatutako errealismotik aldentzen dena, XX. mendearen bigarren erdiko Gipuzkoako artearen garapenean jatorrizko kapitulu bat irekiz”, gaineratu dute museokoek.