Arte eszenikoen arnasgunea
Hilaren 12tik 18ra bitartean egingo da XXVIII. Dferia jaialdia. 26 konpainiaren 26 ikuskizun eta 40 emanaldi ikusi ahal izango dira Donostiako hainbat areto eta antzokietan. Ikuskizunen erdiak baino gehiago estreinaldiak dira; bost mundu mailakoak eta zortzi Euskal Herrikoak.
Oreka da Dferia jaialdiaren aurtengo gaia, eta oreka bera da arte eszenikoen sektoreak behar duena. «Garai zail hauetan Dferia ezinbestekoa da ahuldua dagoen arte eszenikoen sektorea berraktibatzeko. Era berean, interesgarria iruditu zitzaigun orekaren gaia lantzea. Izan ere, gizarteak harmonia behar du, eta pertsonek oreka», dio Dferiako zuzendari Norka Chiapussok. Horrekin batera, pandemia garaian, jaialdia mantendu dutela nabarmendu du: «Ez dugu edizio bakar bat ere bertan behera utzi, eta hor egon gara etengabe artistak babesten». Hastear den Dferia jaialdia garrantzitsua izango dela uste du Chiapussok. «Badirudi egoera normalizatzen ari dela, eta horren isla da aurtengo jaialdia. Inoiz baino profesional gehiago akreditatu dira».
Egitarau ofiziala hilaren 14tik 17ra bitartekoa den arren, bihar abiatuko da XXVIII. Dferia jaialdia. Aukeran dantza konpainiak Migratzaileak ikuskizuna estreinatuko du Viktoria Eugenia antzokian (19:30). Chiapussoren ustez, aurtengo egitaraua «erabat orekatua» da: «Arte eszenikoekin adosturiko oreka da aurten ere islatu nahi izan duguna. Hau da, antzerkiaren eta dantzaren arteko oreka. Era berean, jatorriaren araberako ikuskizunen arteko oreka ere mantendu dugu. Horrela, euskal ekoizpenak, estatukoak eta nazioartekoak ditugu». Horrez gain, Chiapussok aitortu du aurten «arriskatu» egin direla zenbait proposamenekin. Esaterako, Marina Oteroren Fuck Me dantza ikuskizun probokatzailearekin. Etzi estreinatuko dute Egiako Gazteszena aretoan (19:30).
Estreinaldi esanguratsuak
Dferiak programatu dituen ikuskizunetatik, erdiak baino gehiago dira estreinaldiak. Eta horietako gehienak «esanguratsuak» direla dio Chiapussok. «Estreinaldi guztiak dira garrantzitsuak, hilabetetako lanaren emaitza publikoari aurkezteko unea delako. Estreinaldi esanguratsuenak bost dira, eta bostak aipatuko ditut: Oreka TX eta Harrobi Dantza Bertikala konpainien Dendu, Aukeran dantza konpainiaren Migratzaileak, Adriana Bilbaoren Zarra 9.0, Kulunka Teatro konpainiaren Hegoak eta Dantzaz konpainiaren Quo».
Gainerako ikuskizunen artetik beste hainbat nabarmendu ditu Chiapussok. «Euskal Herriko dantzari dagokionez, Organik konpainiaren Arnasa obra aipatu nahi dut. Hain zuzen ere, arnasa hartzeko era da bere oinarria. Elephant In The Black Box konpainiaren Renassaince dantza inklusiboa ere gomendagarria da. Marco Goecke eta Jean Philippe Dury koreografo entzutetsuen koreografia bana du. Eta, noski, Marina Oteroren Fuck Me dantza ikuskizuna ezin aipatu gabe utzi. Benetan harrigarria da, eta hausnarketa bat plazaratzen du. Denborak azalean uzten dituen marken ingurukoa da».
Antzerki eskaintza «askotarikoa» izango dela dio Dferiako zuzendariak. Euskal Herriko antzezlanen artetik Hika Teatro konpainiaren La Tarara gomendatu du. «Sekretu baten istorioa kontatzen du». Beste bi antzezlan ere nabarmendu ditu Chiapussok: «L’Om Imprebis konpainiaren Tu mano en la mia lana interesgarria da. Anton Txejov eta Olga Knipper bikotearen arteko amodio eta zintzotasun harremanaz dihardu. Bukatzeko, Kolonbiako Señor M konpainiaren De ratones y hombres antzezlanak aipamen berezia merezi du. Egin nahi dugunaren eta egin dezakegunaren arteko hausnarketa plazaratzen du».
Donostiaren marka
Dferia jaialdian betidanik izan dute presentzia Donostiako konpainiek eta artistek. «Euskal Herrian jorratzen den arte eszenikoa hauspotzea da jaialdiaren helburua. Donostiako konpainiei dagokienez, hainbat dira aurten parte hartuko dutenak: Aukeran, Kulunka, Hika, Tanttaka eta Oreka Tx. Gainera, formatu handiko ikuskizunak eskainiko dituzte. Donostiako ekoizpenetan 40 artistak baino gehiagok parte hartuko dute. Hori ez dago batere gaizki».
Antzerkia, dantza eta bestelako diziplinen arteko oreka bermatuko duen jaialdia hastear da. Ikuskizun guztien informazioa kontsultatzeko eta sarrerak erosteko www.dferia.eus webgunean sartu behar da.