Autobus elektriko inteligentea erakutsi dio Gasteizek Donostiari
Autobus elektriko inteligentea erakutsi dio Gasteizek Donostiari gaur goizean, garraio-sistema berria martxan jarri zenetik bigarren astea beteko den honetan. Arabako hiriburuan egindako topaketa batean, bi udalek duela urte batzuetatik mugikortasun-eredu iraunkorrago, osasungarriago eta berritzaileago baterantz egiten duten ibilbideari buruzko hausnarketak partekatzeko aukera izan dute bi hirietako alkateek, Gorka Urtaranek eta Eneko Goiak.
Izan ere, Donostiako Udalak ere autobus elektriko inteligentea ezarriko baitu DBus-en 17. linean, hurrengo urteotan. Martxoaren 1ean jarri zen martxan BEI Gasteizen, zazpi autobusekin. Hurrengo asteetan osatuko da flota, hamahiru izateraino.
Lehen orduan, bilera tekniko-politiko bat egin dute, eta Raimundo Ruiz de Escuderok eta Pilar Aranak —Gasteizko eta Donostiako mugikortasun-zinegotziak—, TUVISA eta DBUSeko arduradun María José Ajuriaguerra eta Igor Gonzálezek eta bi erakundeetako hainbat teknikarik parte hartu dute bertan. Ondoren, bi ordezkaritzek hainbat bidaia egin ahal izan dituzte BEIn, abantailak bertatik bertara ikusteko.
“Gasteiz erreferente da hiri-garraio jasangarri eta eraginkorrean. Horregatik, gaur etorri gara ezagutzera martxan dagoen Autobus Elektriko Inteligentea. Espero dugu laster gure hirian ere errealitate izatea. Izan ere, Donostia garraio publikoaren ereduaren eraldaketa prozesuan murgilduta dago. Eta helburua da, jasangarriagoa eta garbiagoa izatea. Prozesu horretan besteak beste, aurreikusita daude Autobus Elektriko Inteligentea ezartzea, topoaren zabaltzea igarobidearen bidez edo hiri-mugikortasun jasangarriaren planaren barruan dagoen Datorren Donostia estrategia garatzea”, adierazi du Donostiako alkate Eneko Goiak.
Udalak azaldu duenez, “sistema iraunkorragoa, irisgarriagoa, berritzaileagoa eta seguruagoa da Autobus Elektriko Inteligentea”. Puntako teknologiako hamahiru autobus elektrikok Gasteizko hamalau auzo lotzen dituzte dagoeneko, TUVISAren lehengo 12. linean. Guztira 3 milioi erabiltzaile izateko potentziala du, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren finantzaketa izan du.