Errusiak Ukrainari egindako "eraso onartezina" gaitzetsi du Donostia Zinemaldiak
Ukrainako gerraren harira, Donostiako Zinemaldiak adierazpen bat plazaratu du. Errusiak Ukrainari egindako “eraso onartezina” gaitzetsi dute, “nazioarteko legezkotasunaren urraketa nabarmena baita”. “Ukrainarren ongizatea babestuko duen nazioarteko legezkotasuna eta eskualdeko egonkortasun baketsua berrezartzeko nahia adierazi nahi dugu”.
Zinemaldiak dio konpromisoa duela “demokraziarekin eta giza eskubideekin” kultura zinematografikoa transmititzeko. Hori mundu osoko artisten filmak zabaltzeko egiten duen “etengabeko lanaren” bidez adierazten du. “Horretarako, gure hautaketa prozesuek lan zinematografikoak banaka ebaluatzen dituzte, inoiz ere ez haien naziotasunaren arabera, baita oinarrizko eskubideak urratzen dituzten gobernuak dituzten herrialdeetatik datozenean ere, eta horrela jarraituko dugu garai nahasi hauetan”.
Era berean, Zinemaldiak dio herrialde bateko herritarrak ez dituztela beraien gobernuen erabakien erantzule egiten. “Askotan, gerraren aurka manifestatzen ari diren milaka errusiarrekin gertatzen den bezala, gobernuaren erabakiekin ados ez egoteaz gain, haien aurka borrokatzen dute”. Horregatik, Zinemaldiak ahots “disidenteen bozgorailua” izateari eutsiko dio. “Ahots horiek eskubide horren aurkako herrialdeetan artistikoki mintzatzea bilatzen dute, horrekin nazioarteko eztabaida demokratikoak sustatuz. Beren herrialdeak egindako erasoaren aurka dauden ahots errusiarrek beti izango dute lekua Zinemaldian”.