«Gustatzen zait auzoan egiten diren jardueretan laguntzea»
Altzako beste hainbatek bezala, Ebrotik behera ditu sustraiak Rodriguez Arevaloren familiak. Bera, ordea, altzatarra da; auzoaren alde lan egiten duen horietakoa, gainera. Jubilatuen etxeko egunerokoaz eta auzoaren nondik norakoez mintzatu gara berarekin.

Nola sortu zen tabernaren ardura hartzeko aukera?
Hasi, aurreko arduradunari laguntzen hasi nintzen; eta hark lana utzi zuenean tabernaren ardura nire gain hartzea erabaki nuen. Eta gaur arte: tabernak 11 urte egin berri ditu nire ardurapean.
Eta, zer moduz?
Oso ongi. Egia da haizea nire alde izan dudala. Izan ere, ardura hartu nuenean jendeak ja ezagutzen ninduen, txikitatik Altzan bizi izan bainaiz.
Nolakoa da Jubilatuen etxeko taberna eramatea?
Momentu honetan nik bakarrik daramat. Bi langile ere izan nituen, baina, arazo batzuk eta pandemia tarteko, kaleratu egin behar izan nituen.
Egunerokoari dagokionez, nahiko automatizatua dut. 08:00etan etortzen naiz, eta ezer baino lehen pintxoak eta bazkariko menuak prestatzen ditut. Tarte horretan barran ere egon behar izaten dut. Bazkalorduan pilatzen zait lan gehien: zerbitzatu, barra, sukaldea… Eguna bukatzerakoan, hurrengo eguneko menuan pentsatzen hasten naiz. Eta horrela egunero, asteazkenak izan ezik, atseden hartzen baitut.
Bezperan pentsatzen duzu hurrengo eguneko menua? Ez daukazu meritu makala…
[Barrez] Bai, ohituta nago horrela funtzionatzera. Normalean gaua iristen denean pentsatzen dut, eta goizean tabernara iristean ikusten dut dauzkadan produktuekin egingarria den ala ez. Ahal badut, zortzina plater prestatzea gustatzen zait. Baditut 7-8 bezero finko, egunero-egunero datozenak; baina gero azkenean beti dator jende gehiago. Astean zehar, 30 bazkari baino gehiago eman ohi ditut, eta asteburuetan 50 inguru izaten dira normalean. Asteburuetan nire senarrak laguntzen dit.
Pandemiak gogor jo ditu pertsona zaurgarrienak, tartean adinekoak. Nabaritu duzu jende gutxiago etortzen dela orain?
Hasieran bai, jendeari beldur gehiago ematen zion etortzeak; baina, pixkanaka, berriro jendea animatzen ari dela sumatzen dut. Hori bai, poteatzeko ordutegia aldatu da. Pandemia aurretik 22:30ean ixten bagenuen, orain 21:15-21:30rako jendea joan egiten da. Ordutegiak asko aldatu dira. Lehen, 20:00etatik 22:00etara etortzen ziren, eta orain 19:00etatik 21:00etara.
Jubilatuen Elkartea da, baina gazteen topaleku ere bada.
Bai, egia da hona beti etorri izan dela kaleko jendea, gazteak. Frontoia ondoan edukitzea sekulako abantaila da niretzat. Pilota partidak-eta daudenean nik asko nabaritzen dut, bizitza asko ematen dit.
11 urte hemen lanean egon ondoren, izango duzu bitxikeriaren bat gordeta, ezta?
Bueno, frontoiak jende ezagun asko ekarri du gurera: Mikel Goñi, Juantxo Koka… San Martzialetan pilotari ezagunak etorri izan dira partidak jokatzera. Une honetan ez naiz gehiagoz oroitzen. Gainera, Koka altzatarra izanda, giro paregabea sortzen zen bere partidatan.
Elkartea Altzan integratua dagoela uste duzu?
Bai. Lehen esan dizudan bezala, nik baditut egunero etortzen zaizkidan bezero batzuk, eta uste dut gero eta jende gehiago datorrela, batez ere bazkaltzera. Ahoz ahokoak asko balio du, eta badirudi jendeak gustuko duela hemen bazkaltzea.
Altzan antolatzen diren jardueretan zure aletxoa jarri nahi izaten duzu.
Bai, egia da. Azken finean, guk ez badugu auzoa babesten, ez dago zer eginik. Adibidez, Altzako festetan elkarteak ahal duen guztia egiten du. Nik uste dut beti lagundu behar dela. Nik sardina festa egin behar izan dudanean arazorik gabe egin dut, baita txokolate jana ere. Sagardo Egunean, bakailao tortillak eta gazta ere nik ematen dizkiet. Saiatzen naiz ahal dudan bezain beste laguntzen, elkartean bezalaxe. Nik uste dut denok ateratzen garela irabazten, baina egia da laguntzea gustatzen zaidala.
Santa Ageda bezperan ere mokadutxoak prestatu zenituen, eta hor egon zinen kantariei begira, euskaraz jakin ez arren.
Ez, baina gustuko dut. Ez dut euskaraz hitz egiten; ulertu dezaket, baina hitz egin ez. Nire alabek arazorik gabe hitz egiten dute euskaraz, eta nire senarrari pixka bat kostatzen zaio, baina hark ere ez dauka ulertzeko arazorik. Nik, zoritxarrez, nire garaian ez nuen izan orain nire alabek euskaraz ikasteko izan duten aukera.
Baduzu pena hori?
Neurri batean bai, bizi garen lekuan bizita beti baitator ongi. Batzuetan adarra ere jotzen didate: «Ikasi egin behar duzu», esaten didate.
Zure alabetako bat bertso eskolara ere joaten zen.
Bai, eta egia da oso gustura joaten zela; penaz utzi zuen. Baina tira, nire alaben osaba-izebetako asko euskaldunak dira, eta eurekin daudenean euskaraz hitz egiten dute.
Zer giro sumatzen duzu auzoan?
Egia da batzuetan pixka bat triste ikusten dudala. Gustatuko litzaidake gauza gehiago egin ahal izatea, baina gauzak egiten saiatzen zarenean segituan baimen eske etortzen zaizkizu. Nik badut itxaropena denborarekin normaltasuna itzuliko dela.
Denok tokiko merkataritza apur bat gehiago sustatuko bagenu, nik uste dut gauza gehiago egin ahalko liratekeela, baina norberak bakarrik ezin du gauza askorik egin.
Zer egingo zenuke?
Adibidez, ni azken festetan ez dakit erotu-edo egin nintzen, baina karaoke bat jarri nuen tabernan bertan. Eta ez dakizu zeinen ongi egon ginen, goizeko 07:00ak arte! Bestela, gustatuko litzaidake larunbat arratsaldetan tabernan musika pixka bat jarri ahal izatea, edo beste edozer gauza, baina badakizu: edozertarako baimena behar izaten da.
Iazko urriaren 31n, adibidez, Gaubeltza ospatu zen auzoan, eta nik txokolate jana eskaini nien. Uste dut horrelako gauzek merezi dutela, eta ni ere asebete egiten naute. Nik irabazten dut, baina auzoa ere garaile irteten da gisa horretako jarduerek sortzen duten giroarekin. Azkenean, auzoko jendea etortzen zaizu laguntza eske, eta nola esango diozu ezetz? Gainera, eurak egunero tabernara datozenean. Baina egia da, bai, gustatzen zait auzoaren alde gauzak egitea.