Plano bertikalean zein horizontalean, orekaren bila
Nola irudikatzen duzu dantza emanaldi bat? Segur aski, oholtza baten gainean, plano horizontalean. Harrobi konpainiak, aldiz, argi dauka bertikalean ere dantzatu daitekeela. Txalaparta horizontalean jotzen da, baina bi diziplinak uztartu dituzte, oreka, dendu, bilatzeko.
Zuriak eta beltzak elkarren beharra behar dute oreka bat egon dadin, eguzkiak eta ilargiak ere batak bestearen beharra duten moduan. Gauza bat beste batekiko antagonikoa izateak ez du esan nahi bi gauzek bat egin ezin dutenik; are gehiago, sarritan beharrezkoa da bat egitea, oreka edo bere sinonimo dendu lortzeko. Errealitate hori Dendu obraren bidez islatuko dute Harrobi dantza konpainiak eta Oreka TX txalaparta taldeak Dferia jaialdian, asteartean. Izan ere, dantza bertikala, airean zintzilik egiten den dantza mota, eta txalaparta, instrumentu horizontala, uztartuko dituzte. Bi emanaldi eskainiko dituzte, doan, 19:30ean eta 23:00etan, Kursaalaren kanpoaldean.
Oreka TXko Harkaitz Martinez de San Vicentek eta Harrobiko Janire Etxabek zuzendu dute lana, eta euren hitzetan, «bi diziplinaren arteko elkarlan bat eta elkar osatzeko modu bat» izan da Dendu sortzeko prozesua. «Nahiko urrunduta dauden bi mundu dira, nahiz eta gero batak bestearen beharra izan. Bi munduen arteko komunikazioa estutu behar genuela sentitu genuen, eta ildo horretatik egin dugu lan: musika dantzaren mugimenduetara begira jarri dugu, eta dantza musikaren erritmora», azaldu du Martinez de San Vicentek.
Dendu musikak eta dantzak osatzen badute ere, sorkuntza prozesua bakoitzak bere aldetik abiatu zuela gogoratu du Etxabek: «Musikariak, alde batetik, abesti batzuen neurriak egokitzen eta zenbait aldaketa egiten aritu ziren. Bestetik, dantzariok sorkuntza koreografikoa naturan hasi genuen, harriaren gainean eta egurraren gainean, musikariek erabiltzen zituzten elementuak euskarri gisa erabili nahi genituelako».
Naturan inprobisazioz sortu zituzten dantza mugimenduak entsegu gunera eraman zituzten, eta han eman zieten «forma», Etxaberen hitzetan. «Ondoren, musikariak eta dantzariak elkartu aurretik, Harkaitzek eta biok aztertu genuen nola batu genitzakeen plano horizontala eta plano bertikala, eta nola fusionatu genitzakeen musikariak eta dantzariak, zuzeneko emanaldira begira», gaineratu du.
Normalean, dantza bertikaleko konpainiek ez dute zuzeneko musika eramaten euren emanaldietara, baina Martinez de San Vicenteren ustez, kasu honetan beharrezkoa zen musika zuzenean jotzea: «Txalapartak posizio horizontala behar du, baina modu bertikalean jotzen da; dantza bertikala, aldiz, posizio bertikalean egiten da, baina mugimenduak modu horizontalean irudikatzen dira airean. Beraz, bata bestearen osagarri izateko, biek egon behar zuten zuzenean».
Estreinaldirako gogoz
Lan handia egin du Dendu-ko lantalde osoak, eta Etxabek argi daukate mereziko duela: «Urte eta erdi baino gehiago daramagu hau prestatzen, sekulako lana egin dugu eta prozesua oso polita eta oso gogorra izan da. Horregatik, eguna heltzeko izugarrizko gogoa daukagu, jendeari erakusteko lantalde honetan zer egin dugun. Espero dut jendeari gustatzea, eta emanaldiarekin transmititu nahi dugun mezua heltzea». Gainera, Martinez de San Vicentek nabarmendu du dantza bertikala ezagutzeko balioko diela askori: «Gertuko musikarekin lagunduta, txalaparta doinuekin, Dendu aukera ona izango da dantza bertikala ezagutzeko, askorentzat ezezaguna baita oraindik ere».
Harago joan da Etxabe: «Oso emanaldi bizia izango da, denbora guztian orekaren bila, denduren bila, joango dena. Bizirik gaude oreka bat dagoelako, eta nik uste dut ikusleak era orekatu eta baketsu batean ikusiko duela emanaldia, baita lasai eta bizipozez joango dela ere. Bizipoza dantzatik, musikatik, jantzietatik eta beste hainbat arlotatik iritsiko zaio».