Adsis fundazioko ikasleek eta Bidebietako auzotarrek hiri-baratze bat sortu dute elkarrekin
Bidebietako Adsis Donostia zentroko gazteek eta auzokideek euren arteko harremana indartu dute Munduko auzoekin ikasten, bertako auzoan ekin egitasmoaren bidez. Proiektua 2021eko udaberrian jarri zen abian, Adsis Donostia zentroko gazteek eta Sorginlore elkarteak elkarrekin gidatutako diagnostiko komunitarioarekin. Diagnostiko horri esker, ikastetxeko ikasleak Bidebieta auzoko eragileekin eta bizilagunekin elkartu ziren, begiradak hurbilduz, bizipenak trukatuz eta saretzea sustatuz.
Diagnostikoaren funtsezko galdera honako hau izan zen: zer gustatzen zaizu gehien auzoan? Erantzun nagusiak berdeguneak eta giza harremanen hurbiltasuna izan ziren. Horren ondorioz, 2021-2022 ikasturtean parte-hartze komunitarioko esperientzia bat zehaztu eta abiarazi dute. Ikasleek eta auzotarrek hiri-baratze bat sortu dute elkarrekin eta Sorginlore elkartetik adierazi dutenez, “egitasmo honek hazi bat izan nahi du, komunitatearen ideiari eta praktikari ekarpen egingo dion hazia: guztion artean egin, ahaleginak batu eta ondasun komunari eta Bidebieta auzoa osatzen dugun pertsonen trebetasun, denbora eta potentzialari balioa eman”, zehaztu dute.
Elkarlan hau hasi da bere lehen fruituak ematen eta ostiral honetan, Kontadoreseko gaztelekuaren aurrean eta Bidebietako kiroldegiaren aurrean loreontzi handi batzuk jarriko dituzte, elkarrekin lore batzuk landatzeko bertan. Horren ostean, 11:30ean, Adsis fundazioan ospakizun txiki bat egingo dute. Loreontziak ostiralean margotu zituzten ikastetxean hogei ikasle inguruk eta Kontadoreseko Jon Saenz Del Castillo artistaren bisita izan zuten horretarako. “Oso harrera ona izan zuen ekintza honek, izan ere, ikasleek oso gustuko dute horrelako gauzak egitea, eta zer esanik ez gaian aditua den norbaiten laguntzarekin”, azaldu dio hedabide honi Assumpta Ayerdik, Sorginlore elkarteko kide eta proiektuaren arduradunetako batek.