Ateak itxita deklaratuko dute Kote Cabezudoren biktimek
Abian da Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako epaiketa nagusiko laugarren saioa, eta bi emakume dira deklaratzekoak, baina ateak itxita egingo dute, akusazio partikularrak hala eskatuta. Joan den ostegunean hasi ziren deklaratzen biktimak, eta orduan gertatu zen moduan, gaur ere publikorik eta prentsarik gabe egingo dituzte deklarazioak, akusazio partikularreko abokatu Mario Diezek eskatuta. Eskaera aurretik erregistratuta zuen Diezek, baina saioaren hasieran adierazi duenez, asteburuan argitaratu diren hainbat kronikak bere eskaeran berretsi dute, haren arabera, “biktimei buruzko hainbat datu geografiko” argitaratu zirelako. Aste osoan zehar deklaratzen jarraituko dute biktimek.
Pasa den ostegunean aztertu zuten biktimen irudirik ikusi gabe, kazetariek behintzat deklarazioen audioa entzuteko aukera, eta epaimahaiak aukera hori teknikoki egingarria dela esan badu ere, akusazio partikularrak bere eskaera berretsi du, eta onartu egin du epaimahaiak. Hamasei emakume daude Cabezudoren aurkako auzibidean, eta horietako hamalau ordezkatzen ditu Diezek; beraz, hamalau horien deklarazioak, gutxienez, ezingo dira entzun.
Horrez gain, Diezek eskatu du lekukoek hitz egiten dutenean biktimen izen-abizenik ez esateko, eta, horren ordez, hizkien bidez identifikatzeko. Abokatuaren esanetan, biktimen izen-abizenak publiko egiteko arriskuak emakumeak “birbiktimizatzen” dituela. Defentsak, ordea, “zentzugabetzat” jo du eskaera. Era berean, akusazio partikularrak eskatu du biktimek ikusi behar ez izatea epaiketan froga gisa aurkeztuko diren irudiak eta bideoak, “min jasanezina” egiten dietelako.
121 eta 2.338 urte
Joan den astean hasi zen Cabezudoren aurkako epaiketa nagusia, eta oraindik lau aste gelditzen dira amaitzeko. Intimitatearen aurkako delituak, sexu erasoak eta iruzurrak leporatzen dizkiote, besteak beste. Fiskalak 121 urteko espetxe zigorra eskatzen du argazkilariarentzat, eta 2.338 urtekoa akusazio partikularrak; azken horrek, izan ere, 200 delitu inguru egozten dizkio.
1990eko hamarkadatik aurrera, argazkilari ezaguna zen Cabezudo Donostian, eta bere jardunean egindakoak dira leporatzen dizkioten delituak. Cabezudok akusazio guztiak ukatzen ditu, eta joan den astean deklaratu zuen. Adierazi zuen ez zuela inoiz “pornografiarik” egin, eta ukatu zuen modeloekin sexu harremanak eduki izana. Era berean, adingabeei argazkiak egiterakoan, gurasoen baimenarekin egiten zuela nabarmendu zuen. Horrez gain, esan zuen, berak modeloak “zuzentzen” zituela soilik.