Berdintasunaren aldeko ekitaldi artistikoa egin dute Bidebietan
Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan, Ekialdeko Barrutiko Berdintasun lantaldeak ekitaldi artistiko bat egin zuen igandean Bidebietan, Gloria Fuertesen omenezko plakaren ondoan, izen bereko pasealekuan. Emakumeek hiriaren historian izandako garrantzia nabarmendu nahi izan du aurten udalak martxoaren 8aren harira, eta ildo beretik jo du Ekialdeko Barrutiko Berdintasun lantaldeak.
Hain zuzen ere, Altzan, Bidebietan eta Intxaurrondon sei emakume esanguratsuren omenezko sei plaka jarri zituzten 2021ean, euren argazkiekin eta biografiekin –Joana Albret, Alice Gordon Gulick, Maria Dolores Goia, Carmen Burgos Colombine, Ignazia Zabalo ‘Nornahi’ eta batelariak–. Era berean, barrutiko auzoetako puntu kritikoak ezabatzeko egitasmoaren barruan, Herrerako emakumeak omendu zituzten 2o20an, horma-irudi baten bidez. Aurten, beste hiru plaka jarri dituzte: Dolores Ibarruriren eta Gloria Fuertesen omenezkoak Bidebietan eta Bizenta Mogelen omenezkoa Intxaurrondon.
Horrela ere, emakumezkoek gizonezkoek baino presentzia askoz txikiagoa dute oraindik Donostiako kale izendegian: Aranzadiren datuen arabera, hiriko kaleen %6,5ak soilik darama emakume izena, %32,7ak gizonezkoen izena daraman bitartean. Gainera, emakume izena daramatenen artean, askok erlijioaren zerikusia duten emakume izena daramate, baina gutxi dira emakume artista, profesional, zientifiko, politikari edo kirolarien izenak daramatenak. Desberdintasun horiek ikusarazteko eta berdintasuna aldarrikatzeko, esku hartze artistikoa egin zuten atzo Bidebietan, Show Time elkarteko dantzarien eskutik; Bizenta Mogelen Andre Alarguna eta Olloa poema eta Gloria Fuertesen A las 13 rosas poema dantzatu zituzten. Jarraian ikus dezakezue bideoa: