Bere mendeurrena ospatzen jarraitzen du Donosti Berrik, oraingoan pilota jaialdi batekin
Amarako Donosti Berri elkarteak 100 urte beteko ditu aurten, eta urteurrenaren bueltan, astebururako prestatu duten jarduera baten berri eman dute: pilota jaialdia. Igandean, hilaren 20an, egingo dute (11:30), auzoko frontoian, eta bi partida jokatuko dituzte. Infantilen mailan, Makatzaga-Pagola eta Aburuza-Olaizola bikoteak aurrez aurre arituko dira, eta afizionatuetan Urmeneta-Aranburu eta Etxezarrera-Ortiz de Urbina bikoteak. Urtarrilean hasi ziren mendeurrena ospatzen, Gipuzkoako batelen ligako lehen jardunaldia Urumea ibaian antolatuta.
Maiatzaren 1ean beteko ditu elkarteak 100 urte, eta, hain zuzen ere, asteburu horretan askotariko jarduerak antolatuko dituztela jakinarazi dute: “Herri bazkaria, auzoko pertsonaiei omenaldiak auzoko pertsonaiei, trikitilariak, txalapartariak, kontzertuak, udaleko txistulari banda, eta abar”. Horrez gain, nabarmendu dute Amarako argazki zaharren erakusketa inauguratuko dutela asteburu horretan Euskotrenen geltokian, Juantxo Egaña argazkilariaren eskutik. Era berean, Iñaki Egaña historialari eta elkarteko kideak Donosti Berriren eta Amararen historia biltzen duen liburu bat idatzi duela iragarri dute, baita asteburu horretan aurkeztuko dutela ere.
“Maiatzaren 21an Donostiako bertsolarien eguna ere antolatuko dugu, eta geroago etorriko dira eskubaloia, futbola, txirrindulari kriteriuma, antzerkia, pintura lehiaketa, hitzaldiak, eta abar. Honetaz guztiaz hemendik gutxira informazio zehatzagoa eta zabalagoa emateko asmoa dugu”, gaineratu dute.