Funtzionamenduan dago udalak Ukraina-Euskadi elkarteari utzitako lokala
Udalak duela ia bi aste iragarri zuen Altzako lokal bat utziko ziola Ukraina-Euskadi elkarteari, Ukrainarentzat laguntza humanitarioa handik kudeatu ahal izateko, eta lokala irekita dago jada. Herrera pasealekuko 72. zenbakian dago, eta, gaurtik aurrera (hilak 14), 10:00etatik 18:00etara egongo da irekita. Hainbat modutan lagundu dezakete herritarrek, besteak beste, lokalera lehen arretarako material medikua, higiene produktuak eta bestelakoak dohaintzan eramanez. Laguntzeko modu guztiak hemen kontsultatu daitezke.
270 metro koadro ditu lokalak, eta garai bateko haurtzaindegi bat da. Laguntza humanitarioaren koordinazio, bilketa, biltegiratze eta kudeaketa logistikorako erreferentziazko tokia izango da, baita errefuxiatuak hirira iristen direnean lehen mailako arretarako gune bat ere.