Baztertuta dauden pertsonentzako eguneko arreta zerbitzua berrituko du udalak
Donostiako Udalak onartu du Hestia udal zerbitzua berritzeko kontratatzeko espedientea. Baztertuta dauden pertsonentzako eguneko arretarako zerbitzua da. Urteko lizitazio aurrekontua 510.717 eurokoa da, urtebeteko epea du eta beste bi urtez luzatu daiteke –bi luzapen, bakoitza gehienez ere urtebetekoa–.
Zehazki, kontratuaren helburua ondorengo zerbitzuak eskaintzea da: Gizarte Zerbitzuen Sistemaren berezko prestazioak, prestazio osagarriak, elikadura eta higiene prestazioak, ikerketa prestazioak eta muturreko meteorologia egoeretan eman beharreko prestazioak.
Hestia 2000. urtean sortu zen Topaleku izenaren azpian. Gaur egun, Arrats Elkarteak kudeatzen duen udal zerbitzua da. Eskakizun gutxiko eguneko arreta zerbitzua da, eta hainbat zerbitzu eta jarduera eskaintzen ditu bizitegi bazterketa larrian dauden pertsonen oinarrizko beharrak asetzeko. Zerbitzua Donostiako San Bartolome kaleko 27. zenbakian dago kokatua.