Bonbak isilarazi ditu une batez Donostiako Musika eta Dantza Eskolak
Donostiako Musika eta Dantza Eskolako 300 ikasle eta irakasle inguru elkartu dira gaur arratsaldean, 18:30ean, Blas de Otero plazan bakearen aldarria egin eta Ukrainako gerrako biktimei elkartasuna adierazteko. Europako ereserkia eta Mikel Laboaren Txoria txori abestia interpretatu dituzte, eta bigarrenerako, ballet dantzariek koreografia bat ere eskaini dute. Goiko bideoan ikus daiteke Txoria txori nola interpretatu duten.
Ehunka pertsona gerturatu dira Blas de Otero plazara ekitaldia ikustera eta antolatzaileak pozik agertu dira emaitzarekin. “Musika bakea aldarrikatzeko tresna bat da eta musikaren bitartez bonbak isilaraztea da gure asmoa. Alde batetik, Europako ereserkia beti izan da bakearen aldeko kantua, anaitasuna aldarrikatzen duena; eta, bestetik, iruditzen zaigu Txoria txori abestiak gurean baduela anaitasun kutsu bat, horregatik aukeratu ditugu bi kanta hauek”, azaldu dute Musika eta Dantza Eskolako antolatzaileek.