Katalina Erauso kalearen izena aldatzeko eskaera aztertuko du udalak
Helena Cabello eta Ana Carceller artistek Amarako Katalina Erauso kaleari izena aldatzeko proposamena luzatu diote Donostiako Udalari. Eskutitz baten bidez eskatu dute kalearen izena Katalina/Antonio Erauso izatea, Donostiako pertsonaia historikoa transexuala zelako eta Antonio izenarekin zendu zelako.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak aurreratu zuen albistea, eta horren inguruan galdegin diote gaur Eneko Goia alkateari. “Gutuna Hirigintza batzordeko zuzendariari bideratu diot, batzorde hori aurreratzen delako hiriko kaleen ponentziaz. Pentsatzen dut eskaera dagokion eremuan baloratuko dute”, adierazi du Goiak.
Eskaera kritikatu du Gipuzkoa Feminista kolektiboak, haren izena ezabatu ez dadin Donostiako memoria historikotik. Aldiz, Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiako bozeramaileak bat egin du bi artisten proposamenarekin: “Ez dago zalantzarik Katalina Erausok boluntarioki erabaki zuela gizonezkoa izatea, eta halaxe aitortu zioten garaiko Aita Santuak eta erregeak. Beraz, izenaren inguruan eztabaidatu daitekeela uste dut”.