Morlans eta Loiola arteko trenbidea lurperatzeko eskatu du Amara Berriko auzo elkarteak
'Atsedena bai, zarata gehiago ez! Morlans-Loiolaren lurperatzea orain!' lelopean, sinadura bilketa abiatuko dute asteburuan Amara Berrin, Morlansen eta Loiolaren arteko trenbidea lurperatu dezatela eskatzeko.
Amara Berriko auzo elkarteak Morlansen eta Loiolaren arteko trenbidea lurperatu dezatela eskatzeko kanpaina abiatu du, Atsedena bai, zarata gehiago ez! Morlans-Loiolaren lurperatzea orain! lelopean. Izan ere, azaldu dutenez, Lugaritz eta Easo lotzen dituen tunelaren zaharberritze proiektuaren inguruko informazioa jaso dute, eta proiektu horrek “trenaren norabidearen fluxua desbideratzea aurreikusten du, Lugaritzeko geltokia Anoetakoarekin lotzeko”. Auzo elkartearen arabera, “proiektuaren justifikazioa zaharberritutako tunelaren erabilera da, merkantzia trenak handik pasatzea ahalbidetzeko”.
Horren inguruko ikerketa onartu zuen urtarrilean Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren eta Garraioaren Sailak, eta horrek “kezka handia” sortu du Amara Berriko bizilagunen artean, auzo elkarteak dioenez. Izan ere, Amara Berritik pasatzen den trenbidea merkantzia trenentzako bide bat irekitzeko erabili nahi du Jaurlaritzak, auzo elkartearen ustez, esku hartze horrek “eragin akustikoa eta bibrazioena areagotuko du”, “zaratak sortutako eragozpenak handituko dira”, eta trenbidea egunean zehar bidaiarien zirkulazioarekin okupatuta dagoenez, merkantzia trenak gauez pasako dira, “bizilagunen gaueko atsedenaldia kaltetuko dute”.
Horregatik, Amara Berriko auzo elkarteak proiektuaren aurkako helegitea aurkeztu du Jaurlaritzan, eta egunotan abiatu duten kanpainaren inguruko informazioa uzten ari dira auzoko bizilagunen postontzietan. Era berean, bi sinadura bilketa egingo dituzte: lehenengoa larunbat honetan izango da, hilaren 19an, 11:00etatik 13:00etara, Jose Maria Salaberria eta Katalina de Erauso kaleetan. Bigarrena, aldiz, datorren larunbatean izango da, hilaren 26an, ordutegi berean, Arcco merkataritza gunearen atzealdean.
Aldarrikapen historikoa
Auzo elkarteak nabarmendu du Amara Berritik pasatzen den trenbidea lurperatzeko eskaera aspaldikoa dela: “Amara Berriko bizilagunak eta gure auzo elkartea duela hamarkada bat baino gehiago hasi ziren udalari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen Morlans eta Loiola arteko trenbidea lurperatzeko, garraioak sortzen dituen zarata eta bibrazioak gure etxebizitzak eta bizitzak inbaditu ez ditzatelako irtenbide bakarra baita”.
Era berean, gogorarazi dute azkenaldian antzeko esku hartzeak egin dituztela beste herri batzuetako trenbideekin –Eibar-Ermua zatikoarekin, Zarautzekoarekin eta Durangokoarekin, esaterako–, eta Donostian ere gauza bera egiteko “garaia” deritzote. “Udala gure proposamenarekin ados egotea espero dugu, baita Eusko Jaurlaritzaren aurrean babestu gaitzala ere”, gaineratu dute.