PPko zinegotziak Urumeako zaborra erretiratzen aritu dira
Urumea ibaian, Mundaizko eta Maria Kristina zubien artean, zabor eta hondakin ugari daude pilatuta urtarriletik, eta PPko zinegotziak horietako batzuk erretiratzera joan dira astearte goizean. Jorge Mota eta Borja Corominas zinegotziak uretan sartu dira, eta Mikel Lezamak goitik, pasealekutik, lagundu die. Hainbat hondakin atera dituzte, eta gune garbi batera eraman dituzte.
Udal talde guztiak zabor hori guztia kentzearen alde agertu ziren urtarrileko udalbatzarrean, eta, hain zuzen ere, udaleko garbiketa zerbitzu bereziak gunea garbitzera joango dira bihar, hilaren 16an. Udalaren arabera, “plan espezifiko bat garatzen” aritu dira, eta “duela hainbat egun” aurreikusi zuten asteazkenean joatea hondakinak erretiratzera. Horrela ere, PPkoak gaur joan dira, aurretik hedabideei deialdia bidalita.
“Dirudienez, udala Alderdi Ederreko lorategiak eta marko aldera ezina eder mantentzean tematuta dago, baina hiriaren gainontzeko guneetako mantenuaz ahaztuta dago. Ez gara erdigunetik asko aldendu behar utzikeria ikusteko, eta Altzara, Intxaurrondora, Aietera edo Bidebietara joanez gero, ikusiko duzu dena hankaz gora dagoela. Ez da ezer kostatzen zure etxea izatea gustatuko litzaizukeen moduan izatea hiria ere, are gehiago ordaintzen ditugun zergekin”, adierazi du Corominasek.