Programazio zabala prestatu du Altzak Korrika Kulturalaren harira
Bihar bertan hasiko da Korrika Kulturala Altzan, eta Laburbira euskarazko film laburren XIX. zirkuituarekin ekingo diote Herrerako elkartean, 19:30ean. Martxoaren 24an Korrikaren aurkezpena eta dokumentalaren proiekzioa egingo dute Tomasenen, arratsaldeko 18:00etan, eta bertan parte hartuko dute Herri Ametsa ikastolako dantza-taldeak eta Herrerako musika-eskolak ere. Martxoaren 26an, aldiz, Txirri Mirri eta Txiribitonek Bart non nintzen ni? ikuskizuna eskainiko dute Larratxo Kultur Etxean, 18:00etan.
Apirilaren 1ean Korrika Festa egingo dute haur eta gaztetxoentzat Harrobieta plazan 17:00etan, eta Tomasenen Ardo kantaldia antolatu dute 19:00etan. Hurrengo egunean, apirilaren 2an, bazkaria eta Ixabel Agirresaroberen eskutik Ezina ekinez egina ipuin kontaketa eskainiko dituzte Herrerako elkartean, 14:00etan. Arratsaldean, 18:00etan, Bi ipuin, Tomaxen abenturak ikuskizuna eskainiko dute Larratxo Kultur Etxean.
Altzako Korrika Kulturalarekin amaitzeko, apirilaren 8an, 19:00etan, Hitz eta Ekin garagardo-dastaketa egingo dute Altzania elkartean.