Ramon Labaien plazako ahateen arrautzak baserri batera eraman dituzte, udalaren arabera
Eguzkik eta Parkea Bizirikek astelehenean salatu zuten udaleko lorezaintza zerbitzuek Ramon Labaien plazako urmaeleko ahateen habia suntsitu zutela eta landaredia kendu zutela. Horren aurrean, udalak ohar bat kaleratu du, azalduz habiako zazpi arrautzak jaso eta “baserri batera” eraman dituztela, “hazteko”. “Behin ahatetxoak jaiotzen direnean, Kristinaenea parkera eramango dituzte. Han, parkeko gainerako ahateen zaintza izango dute: janlekuak, etab”, gaineratu du udalak. Baserriko oilo bat ari da arrautzak txitatzen.
Urmaeleko esku hartzean, erdiko urkia erabat kimatu zuten lorezaintza zerbitzuek, eta Eguzkik eta Parkea Bizirikek salatu zuten azken urteotan hainbatetan egin dutela gauza bera, zuhaitza hiltzen utziz eta beste bat landatuz. Udalaren arabera, aldiz, 2009tik zegoen urkia han: Okendoko aparkalekua handitzeko eta Santa Katalina plaza hobetzeko prozesuan landatu zuten urkia (2009), eta aspalditik erabat lehorra zegoen. Azkenaldian, zuhaitzaren zati hil batzuk kentzen ari ziren, eskultura lehor bihurtu zirenak. Zuhaitza aste honetan bertan ordezkatuko da adarkada batekin, eta horrek loraldi deigarria emango du”.
Udalak dioenez, urmaelean ibiltzen diren ahatean “inguruan ez zeudela egiaztatu ondoren” egin zuten asteleheneko esku hartzea, baina Eguzkik sare sozialetan partekatutako bideoetan ahateak ikusten dira, lorezainak lanean dabiltzan bitartean. “Urmaelaren erdialdeko landaredia kentzean, arrautzak zeudela ikusi zuten, eta inguruko lorategietan utzi zituzten. Handik gutxira, ahate emeak arrautzak astindu eta baztertu egin zituen; horregatik, baserri batera eramatea erabaki zen”, gehitu du udalak.
Urkiari dagokionez, guneak “ez zituen baldintzarik onenak zuhaitza behar bezala hazteko”, eta, horregatik “oinarria hobetuko” dute orain, eta ahateak han behin betiko egotea ahalbidetuko dute: “Substratua mugitu eta aireztatuko da, eta zegoen landaredia (lonizerak, zuhaitzaren hazkuntzari mesede egiten ez dion fitotoxiko azpiko zuhaixka bat) ahateen habitatari mesede egiten dioten gramineoen eta beste landare batzuekin ordezkatuko da, urmael hori ahateen behin betiko egonaldirako izango delako”.