Realak eta Athleticek jokatuko dute Euskal Herria Txapelaren finala
Igandean Alavesi irabazi ostean, Realak Euskal Herria Txapelaren finalerako txartela lortu du, eta Athletic izango du aurrean. Denboraldiko derbietan puntu gehien lortzen dituzten bi taldeek jokatzen dute Euskal Herria Txapelaren finala, udan. Athletic da puntu gehien dituena (hamaika), eta Realak berdindu egin zuen igandean, Alavesen aurka hiru puntu gehituta. Bizkaitarrei, ordea, beste derbi bat gelditzen zaie oraindik, eta ziurtatuta daukate lehenengo postua; beraz, beraiek aukeratuko dute finala jokatzeko zelaia. Hirugarren sailkatua Osasuna da, hiru punturekin, eta oraindik bi derbi gelditzen bazaizkio ere, ezin du zuri-gorriak eta txuri-urdinak harrapatu. Azken sailkatua Alaves da, bi punturekin.
Realak bosgarrenez jarraian jokatuko du Euskal Herria Txapelaren finala: 2018an Athleticen aurka galdu zuen (0-1, Gal estadioan), 2019an Eibarren aurka (1-2, Berazubin), 2020an Osasunari irabazi zion (1-0, Anoetan) eta 2021ean Osasuna gailendu zitzaion (1-3, Gal estadioan). Athletic hirugarrenez izango da finalean, eta, Realak bezala, Txapela bat irabazi du orain arte. 2022koa irabazten duena, beraz, izango da Txapela gehien izango dituen talde euskal herritarra. Finalaren eguna oraindik ez dago zehaztuta.