Abortuaren aurkako prozesio bat egingo dute apirilaren 2an
Errezatzea ez da delitua lelopean, Voxen inguruko talde batek abortatzeko eskubidearen aurkako prozesio bat deitu du apirilaren 2rako. 19:30ean abiatuko da Donostiako Koldo Mitxelenatik eta Askabide klinikan amaituko da.
Ez da Askabide klinikak abortuaren aurkako taldeen presioa jasan behar duen lehen aldia. Iaz, Garizuman, abortuaren kontrako talde batek hamabi orduko protesta bat antolatu zuen egunero. Protesta horietan, hainbat pertsona txandatzen ziren otoitz egiteko, abortuaren aurkako esloganak zituzten kartelak eusten zituzten bitartean. Amarako mugimendu feministak aurre egin izan die, euren aurrean protestak antolatuz.
Hain zuzen, joan den astean, Amarako ekintzaile feminista bati eraso egin zion bertan parte hartzen ari zen gizon “ultrakatoliko” batek. Aurpegian eta besoetan egin zion eraso, eta tendinitisa eragin zion.