Ategorrietako bizilagun bat etxegabetu egin du Azorak
Azora putre funtsak Iñaki Setien Ategorrietako bizilaguna etxegabetu du. 11:15ean inguruan gertatu da. 43. zenbakian bizi zen gaur arte Rosa Maria Arratibel emaztearekin.
Azorak Ertzaintzaren laguntzarekin egin du etxegabetzea. Setieni ez diote tarterik utzi etxeko gauzak jasotzeko, eta sarraila aldatu diote. Karro batekin eta zakurrarekin atera da, eta esan du ez dakiela non egingo duen lo. Arratibel emaztea lantokian zegoen etxegabetzea gertatu denean. Setienek Azoraren jarrera ere gogor salatu du. Donostiako Udaletxera joan dira ondoren Setien, Kaleratzeak Stopeko Rosa Garcia eta EH Bilduko eta Elkarrekin Donostiako zinegotziak, eta Eneko Goia alkatearekin hitz egin dute. Reyes Carrerek, EH Bilduko bozeramaileak, hedabide honi adierazi dionez, Setienentzat eta Arratibelentzat ostatu bila dabiltza, ez baitauka gaua pasatzeko lekurik.
Hedabide hau Donostiako Udalarekin jarri da harremanetan etxegabetzearen inguruko balorazioa eskatzeko. Hauxe da adierazi dutena: “Auzi honetan, beste batzuetan egiten duen moduan, udalak jabetzarekin eta Kaleratzeak Stop elkartearekin harreman zuzen eta estua izan duela, eta bitartekaritza lana egin duela, beti egin ohi duen bezala. Jabetza eta maizterraren artean adostasunik lortu ez izana albiste txarra da, baina bi aldeen arteko negoziazioen emaitza da”. Goizetik, 100 bat herritar agertu dira Ategorrietan bizi den familiari babesa adieraztera. Lehen orduan, Ertzaintzak ingurua itxi du etxegabetzea ahalbidetzeko. Azorako Maizterrak, Kaleratzeak Stop, Alokairu-Bentaberri eta Saretxe plataformetako ordezkariak hurbildu dira. Baita ere, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak, udalekoak eta batzar nagusietakoak.
Kaleratzeak Stopeko Garciak hartu du hitza, eta herritarrei lasaitasuna eskatzeaz gain, nabarmendu du Azora dela hemen gertatzen ari den guztiaren errudun bakarra –funtsak eskatu du Ertzaintzaren presentzia–. Udalari eskatu dio Azora erakunde non grata deklaratzeko hirian. Iazko urrian, IRUTXULOKO HITZAk Setien elkarrizketatu zuen, eta, orduan, Ategorrietan bizitzen jarraitu ahal izango zuela adierazi zuen.
Tentsio uneak ere izan dira, ertzainek han bildutako herritarrak eta kazetariak bultzaka etxeko ataritik aldendu dituenean. Pertsona bat atxilotu dute.
“Gehiago izatea espero da”
EH Bilduren udal taldeak ohar bidez gogor salatu du etxegabetzea: “Nabarmentzekoa da Azora putre funtsa, Donostian, alokairuaren prezioa sistematikoki %33 garestitzen ari zaiela bere maizterrei. Iñakiren kasua etxegabetzera iritsi den lehena da, baina gehiago izatea espero da, pertsona askok ezin izango baitiete aurre egin errentaren gehiegizko igoera horiei”. Izan ere, gogorarazi dute Azorak 2020an Inmobiliaria Vascongada erosi zuenetik, Donostian “300 bat familiaren etxebizitzak” kudeatzen dituela, “Groseko eta Amarako zenbait eraikinetan”. “Azoraren ohiko praktika da erosten dituen etxebizitzekin espekulatzea, alokairuak nabarmen igoz edo erabilera turistikoetara aldatuz”, gaineratu dute.
300 etxebizitzarekin “espekulatzea bizikidetzaren aurkako eraso bat” dela salatu du EH Bilduk, oinarrizko eskubide bati, etxebizitza eskubideari, “zuzenean eragiten” diolako. Horrez gain, gogorarazi dute 2015ean udalbatzarrak “etxegabetzerik gabeko hiri” deklaratu zuela Donostia, baita ordutik aurrera “zinegotzien gehiengo zabal batek izendapen hori behin baino gehiagotan berretsi” izan duela ere. Izendapen hori, ordea, ez da bete gaurkoan, etxegabetzea gauzatu dutelako, alkatetzak azken asteotan Azorarekin bitartekaritza lana egin badu ere. Esan behar da, hala ere, etxebizitza eskubidearen aldeko zenbait eragilek denbora asko daramatela salatzen Azorak zein beste putre funts batzuek euren maizterren alokairuak igo izanagatik, “isilpeko kaleratzeak” gertatu izan direla hirian, maizterrek etxebizitzak utzi behar izan dituztenean, igoerari aurre egin ezinik.
Eneko Goia buru duen udal gobernuaren kudeaketa gogor kritikatu du EH Bilduk: “Eneko Goiak ia zazpi urte daramatza alkate gisa, eta bere etxebizitza politikaren balantzea ezin negatiboagoa da. Konponbidean jarri beharrean, etxebizitzaren arazoak okerrera egin du Donostian, eta gero eta eragile gehiagok aitortzen dute benetako ‘etxebizitza larrialdi’ egoeran gaudela”. “Alkate batek aukera bakarra dauka: donostiarren alde jartzea”, gehitu dute.