Cabezudok 150 aldiz bortxatu zuela salatu du modeloetako batek
Argazkilariaren kontrako salaketa jarri duten andreek deklaratzen jarraitzen dute epaiketan, ateak itxita. Berria egunkariko Arantxa Iraola kazetariak gaurko saioaren jarraipena egin du. “Gutxienez 150 aldiz, 150 egunetan”. Akusazio partikularrak Kote Cabezudoren aurkako epaiketara eraman duen salaketetako baten arabera, aldi horietan guztietan bortxatu zuen argazkilariak bere modeloetako bat.
Hain justu, gaur egokitu zaio andre horri epaimahaiaren aurrean deklaratzea. Argazkilariari leporatzen zaizkion delitu larrienak andre honek salatutakoak dira eta, hein handi batean, horietan oinarrituta egin du akusazio partikularrak akusatuaren gaineko zigor eskaria: 2.158 kartzela urte. Gainerako modeloek ere salatutakoak aintzat hartuta, 2.388 urte eskatu ditu denera. Apalagoa da fiskalaren eskea: 121 urte guztira.