Grosen gazteentzako eta adinekoentzako 90 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du udalak
Donostiako Udalak 25.790,86 metro koadroko lursaila du Okendo Kultur Etxearen eta Zubiri Manteo ikastetxearen artean. Iazko abuztuan iragarri zuen lursail horren zati bat, 5.500 metro koadro, Basque Culinary Center fundazioari utziko dizkiotela. Horrekin batera, udalak gazteentzako eta adinekoentzako etxebizitzak eraiki nahi ditu lursail horretan. Zehazki, 1.350 metro koadroko bi eremu aurreikusi dituzte 90 apartamentu eraikitzeko. 5.000 metro koadroko berdegune bat eta Manteo ingurura iristeko errepidearen hobekuntza ere aurreikusten ditu udalak.
Asteleheneko udal batzordeetan Groseko lursaila izan zuten hizpide, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak gaiaren inguruan galdetu zutelako. Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak lursailerako udal gobernuak aurreikusitakoa berretsi zuen. Hau da, Basque Culinary Center fundazioaren bigarren egoitza eta gazte zein adinekoentzako etxebizitzak egingo direla.
Uliako auzo elkartearen gutuna
Basque Culinary Center fundazioak Grosen eraiki nahi duen Gastronomy Open Ecosystem (GOe) proiektuan aurka agertu da Uliako auzo elkartea. Gutun bat bidali diote BCC-ri, Manteoren ondoko orubean eraikitzekoak diren egoitza berriaren aurka daudela jakinarazteko. Operazioa kritikatu du Uliako auzo elkarteak, baita aldarrikatu ere udalaren jabetzako lursailak “Donostiako komunitateari ekipamendu sozial eta publikoak emateko” izan behar direla ere.