Hilde Koch donostiarrak sortutako koreografia eskainiko du Dantzaz konpainiak bihar
Dantzaz konpainiak Quo emanaldia eskainiko du bihar, Egia K.E.-n, 11:00etan. Dferiaren barruan antolatu dute ikuskizuna, eta Hilde Koch koreografo donostiarrak eta Gil Harush koreografo israeldarrak sortutako dantzak egingo dituzte.
Quo hiru pieza koreografikok osatzen dute. SAL da Gil Harush-ek Dantzaz-entzat egin duen lehen koreografia. Tradizioaren eta modernitatearen arteko harremanak ditu oinarri, arrantzale-herrixka batean, non modernitatearen loturek ez baitiote biderik uzten tradizioen iraupenari, herriaren, herritarren, itsasoaren, naturaren arteko harremanen iraupenari.
FOMO ere Gil Harush-en koreografia da, F.O.M.O. akronimoan oinarritua (ingeleseko “fear of missing out”etik: pasatzen uzteko edo zerbait galtzeko beldurra), patologia psikologiko bat, honela deskribatua: «beldur antz orokorra, besteek esperientzia atseginak ote dituzten eta norbera horiek galtzen ari ote den». Antsietate sozial modu horren ezaugarri da «besteak egiten ari direnarekin etengabe loturik egoteko gogoa».
Eta azkenik, Quorum, Hilde Koch-en koreografia, zeinean lankide izan baitira Paula Diaz konpositorea, Tytti Thusberg moda iraunkorraren diseinatzailea eta Alaine Arzoz argiztapen-diseinatzailea. Lau emakumeon elkarlana da pieza honen abiapuntua, zeinaren koreografia Dantzaz-eko dantzariekin batera idatzi baitu Koch-ek.