Urumea ibaia garbitzen hasi dira
Donostiako Udala Urumea ibaia garbitzen hasi da, Mundaiz eta Maria Kristina zubien artean. Marisol Garmendia Ekologiako zinegotziak adierazi duenez, “garbiketako hamar langile, kaskoak, botak eta petoak behar bezala jantzita, eta bi garabi eta erretiratutako materialak eramateko kamioi bat itsasbeheran hasi dira lanean ibaia garbitzeko”. Garbiketa lanak hainbat egunetan egingo dituztela gaineratu du.
Bizikletak, erradiadoreak, oheko somierrak, kristalak eta inguruan pilatzen joan diren hainbat elementu aterako dituzte egunotan, “ziurrenik euri jasa handien ondoren ibaiak eramandakoak”. Garmendiak esan du jarduera horiek ez direla egun batetik bestera egiten, eta berandu izan badaiteke ere, beraien lana egiten dutela: “Hondakinak erretiratzea lan profesionala da; ez da zirku bat. Legezko izapide guztiak bete behar dituen administrazio publikoa gara, baliabide ekonomiko eta profesionalak izan behar dituena. Baliteke berandutu izana, baina dagokiguna da, gobernu arduratsua gara”. Zeharka bada ere, PPko udal taldeak atzo Urumean egindako zabor bilketa kritikatu du.