Herria tabernako banderak berriz ere lapurtu dituztela salatu dute
Herria Kultur Elkarteak salatu duenez, pasa den larunbatetik iganderako gauean, Parte Zaharreko Herria tabernako banderak lapurtu zituzten. “Azken hilabeteetan hainbatetan gertatu dira horrelakoak, eta tabernetako ikurrinak eta presoen aldeko ikurrak kentzeaz gain, hainbat erakunde politiko eta sozialen kartelak eta banderak kendu dituzte”, azaldu dute.
“Onartezinak dira adierazpen askatasunaren eta gure ikurren aurkako eraso hauek”, diotenez, eta ez daude prest gehiago jasateko. “Ikurrina edo presoen etxeratzearen aldeko banderak lapurtzeak argi azaltzen du eraso egileen ideologia, eta baita herriaren sektore zabal baten nahia eta aldarrikapena onartzeko duten gaitasun eza ere. Amorrua darie alde guztietatik: ikurrei, izenari eraso egiten diete, izana jasan ezin dutelako, baina argi izan dezatela tinko egingo diegu aurre”.
Iragan otsailean, Parte Zaharreko Ikatz kaleko bi tabernaren kanpoaldeko banderak lapurtu zituzten. Orduan, azaldu zuten ez zeudela prest horrelakoak onartzeko. “Horregatik, ostiralean, hilaren 18an, Herrian bertan salaketa publikoa egingo dugu, eta berriro ikurrak jarriko ditugu. Gure ikurrak ez ukitu! Gure ikurren defentsan kalean izango gara”, nabarmendu dute. Ekitaldia 19:30ean izango da.