Igandean 'Elkar+ekin' dantzatuko dute Bulebarrean
Elkar+ekin egitasmoa Donostiara iritsiko da igandean, hilaren 20an, eta dantzan jarriko du Bulebarra, 12:00etan. Eibe elkartea, egitasmoaren sustatzailea, urtarrilaren 2an zen egitekoa, baina pandemia dela eta, atzeratu behar izan zuen. Elkarteen lana balioan jartzeko eta herritarren parte hartzea sustatzeko helburua du Eibek, eta hori dantzaren bidez islatuko dute igandean 50 herritan baino gehiagotan, tartean Donostian.
Hain zuzen ere, Korrikarekin eta AEKrekin batera, egitasmoaren bideoklipa aurkeztu zuten joan den ostegunean, eta Olatz Salvador abeslari donostiarra eta Bihotx talde hernaniarra izan dira doinuak jartzeko arduradunak. Mikel Laboaren eta Joxean Artzeren Martxa baten lehen notak abestiaren egokitzapen bat egin dute, eta Eneko Gil, Aritz Salamanca eta Katalin Zarate dantzariek ere hartu dute parte bideoklipean.
Horrela, Donostiako dantzaldian Antiguotarrak, Eskola, Goizaldi eta Herri dantza taldeek hartuko dute parte, eta Trebeskak beste egun batean egiteko asmoa du. Dantza taldeez gain, herritarrak ere dantzatzera animatu dituzte, dantzarien pausoak jarraituz edo euren kabuz.