Astelehenean berrartuko dute Kote Cabezudoren aurkako epaiketa
Aurrera doa Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako epaiketa nagusia, eta zazpigarren saioa egin dute ostegunean. Bi lekuko ziren deklaratzekoak, akusazio partikularrak eskatuta: biktimetako baten amak eta beste baten bikotekideak. Bigarren hori, deklarazioan azaltzekoa zen bere bikotekidearen, Cabezudoren modeloetako baten, argazkien eskubideak erosten saiatu zela, baita Cabezudorekin berarekin negoziatu zuen eskubideen erosketa, eta irudi horiek Internetetik kentzeko eskatu ziola ere. Ordea, Oihana Ezkerro abokatuak, akusazio partikularreko Mario Diez abokatua laguntzen duen abokatuak, hedabide honi azaldu dionez, lekuko horren deklarazioari uko egin diote, “biktimak berak nahikoa azaldu duelako bere deklarazioan”.
Horrez gain, Cabezudoren defentsak bertan behera utzi du astelehenean deklaratzekoa zen lekuko baten deklarazioa. Epaiketa astelehenean berrartuko dute, eta apirilaren erdialdean amaitzea aurreikusten da. Egunotan Cabezudoren hainbat biktimak deklaratu dute, ateak itxita, akusazio partikularreko abokatu Mario Diezek hala eskatuta –argazkilariaren aurkako auzibidean dauden hamasei emakumeetako hamalau ordezkatzen ditu–. Asteazkenean deklaratu zuen emakumeetako batek esan zuen Cabezudok 150 aldiz bortxatu zuela.
121 eta 2.338 urte
Intimitatearen aurkako delituak, sexu erasoak eta iruzurrak leporatzen dizkiote Cabezudori, besteak beste. Fiskalak 121 urteko espetxe zigorra eskatzen du argazkilariarentzat, eta 2.338 urtekoa akusazio partikularrak; azken horrek, izan ere, 200 delitu inguru egozten dizkio. Epaiketa hilaren 7an hasi zen.
1990eko hamarkadatik aurrera, argazkilari ezaguna zen Cabezudo Donostian, eta bere jardunean egindakoak dira leporatzen dizkioten delituak. Cabezudok akusazio guztiak ukatzen ditu, eta joan den astean deklaratu zuen. Adierazi zuen ez zuela inoiz “pornografiarik” egin, eta ukatu zuen modeloekin sexu harremanak eduki izana. Era berean, adingabeei argazkiak egiterakoan, gurasoen baimenarekin egiten zuela nabarmendu zuen. Horrez gain, esan zuen, berak modeloak “zuzentzen” zituela soilik.