Mikel Oiartzabal larriki lesionatu da
Albiste txarra Realarentzat eta realzaleentzat: Mikel Oiartzabal kapitainak lesio larri bat dauka, ezker belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi baitu. Ostegun goizeko entrenamenduan hartu du mina kapitainak, eta Realak baieztatu duenez, belauneko lesioa dauka. Datozen asteotan egingo diote ebakuntza, baina ziurra da ez duela denboraldi honetan gehiago jokatuko, ezta hurrengo denboraldiko lehenengo asteetan ere, gutxienez. Izan ere, halako lesioetatik itzultzeko, sei eta zortzi hilabete artean behar izaten dituzte jokalariek.
Denboraldiko hilabete garrantzitsuenak galduko ditu Oiartzabalek, eta baja bereziki garrantzitsua da Imanol Alguacilen taldearentzat, taldearen liderra delako, eta, gainera, denbora ona egiten ari delako: 33 neurketa jokatu ditu orain arteko lehiaketa guztietan, eta hamabost gol egin ditu.