Adsis fundazioko ikasleek loreak landatu dituzte Bidebietan
Adsis fundazioko ikasleek loreak landatu dituzte gaur Bidebietan, Kontadores inguruan eta kiroldegi ondoan. Iaz ekin zioten Munduko auzoekin ikasten, bertako auzoan ekin egitasmoari eta Adsiseko ikasleen eta auzotarren arteko harremana estutzea izan da helburua. Urtebeteko elkarlan luzearen ostean, hiri-baratze bat sortu dute auzoa apaintzeko eta loreontzi handi batzuetan loreak landatu dituzte gaur. Adsiseko ikasleak gogotsu aritu dira lanean irakasleen eta auzoko hainbat elkarteetako kideen laguntzaz, eta jarraian festa bat egin dute zentroan bertan. Adsisen sukaldaritza ikasten duten ikasleek arduratu dira festarako janaria prestatzeaz, eta herrialde desberdinetako jakiak dastatzeko aukera izan dute.
Gaur auzotarrak bertan egon ez badira ere, urtebeteko elkarlanean “oso inplikatuta” egon direla azaldu dio IRUTXULOKO HITZA-ri Assumpta Ayerdik, Sorginlore elkarteko kide eta proiektuaren arduradunetako batek. “Gaur ikusten ari garena, loreen landaketa, lanketa luze baten ondorioa izan da. Gure ikasleak auzotarrekin harremanak estutu dituzte urte honetan zehar, izan ere, gehienak kanpotik etortzen dira eta auzoan ez zeuden oso ondo ikusiak. Askotan, badirudi bertakoak garela kanpotarrei laguntzen diegunak, baina kasu honetan argi geratu da gure ikasleek auzotarrei ekarpen esanguratsu bat egingo dietela hiri-baratze honekin. Gure asmoa etorkizunean proiektuarekin aurrera egitea da, eta auzotarrek ere gurekin bat egitea espero dugu”, adierazi du Ayerdik.
Hemendik aurrera ez dakite loreontziak non utziko dituzten, Udalarekin adostu behar dutelako, baina jendearentzat ikusgai egotea nahi dute. Gai honen berri ez zuten auzotar batzuk ere gerturatu dira landaketara, eta arduradunei interes handiz galdetu diete ea zertan ari ziren. Jarraian, egunak utzi dituen argazki batzuk ikus ditzakezue: