Ane Pikazak egin du 'Jazzaldiaren besarkada', 57. Jazzaldiko kartela
Kartelaren berri emateaz gain, emanaldi berezi batzuen berri eman dute: Vadim Neselovsky musikari ukrainarrak bere herrialdearen aldeko bi kontzertu solidario eskainiko ditu Donostian, eta irabazi guztiak Chernobil elkartearentzat izango dira
57. Jazzaldiak kartela dauka dagoeneko: Jazzaldiaren besarkada, Ane Pikaza ilustratzaile eta aktorearen eskutik. Jazz musikak uztaileko egun horietan –aurten, 21etik 25era– hiria “besarkatzen” duela nabarmendu du Jon Insausti Kultura zinegotziak, eta kartelak, hain zuzen ere, hori irudikatzen duela. Pikazak nabarmendu du beti sentitu izan duela “Donostiak eta Jazzaldiak besarkatzen” dutela, eta hori islatu nahi izan du kartelean: “Irudikatu nahi nuen Donostia eta Jazzaldia zer diren niretzat”.
Insausti eta Miguel Martin Jazzaldiko zuzendaria pozik agertu dira emaitzarekin, Insaustiren hitzetan, “proposamen koloretsua” delako, “Jazzaldian Donostia zuzeneko musikaz beteriko hiri distiratsu bihurtzen duten giroa eta espiritua islatzen dituena”. Martinek nabarmendu du asko gustatzen zaiola kartelean besarkada bat agertzea, “garaiotan, denok behar dugulako besarkada bat, inoiz baino gehiago”.
Era berean, Insaustik gogorarazi du Pikazak lotura estua duela Donostiarekin eta Donostia Kulturarekin: “Olatu Talkan izan da, Donostia Antzerki Saria jaso du, Zinemaldian ikusi dugu Nora filmarekin, eta, berriki, Dferian, ‘Altsasu’ obrarekin. Ezaguna dugu Donostia Kulturan, eta orain Jazzaldian ere ezaguna izango da”.
Vadim Neselovskyi
Kartela aurkezteaz gain, prentsaurrekoan iragarri dute Vadim Neselovskyi pianista eta konpositore ukrainarrak bi kontzertu solidario eskainiko dituela uztailaren 20an eta 21ean, Jazzaldiaren barruan. Odessa suite proiektua aurkeztuko du, eta emanaldietako irabazi guztiak Chernobil elkartearentzat izango dira, Ukrainako herria laguntzeko. Lehenengo ikuskizuna Txillida Lekun izango da, eta sarrerak datorren astean jarriko dituzte salgai. Bigarrena oraindik ez dute zehaztu non izango den.
Martinek azaldu du Errusia Ukraina inbaditzen hasi aurretik ere, Neselovskyi udaberrian zela aipatu proiektua aurkeztekoa, baina “zoritxarreko kasualitatez”, obrak “gaurkotasuna” hartu duela. Horregatik, uztailean Donostiara etortzeko proposamena egin zioten, eta hala egingo du ukrainarrak. Martinek nabarmendu du bi emanaldi horiek lotu dituztela berarekin, baina ez dio atea itxi Jazzaldiaren egunetan besteren bat lotzeko aukerari, Neselovskyi hirian geldituko baita egun batzuez, Donostia ezagutzeko.
Bestalde, Jazzaldiko zuzendariak adierazi du 57. Jazzaldia “normaltasunez” antolatzen ari direla, uste dutelako udan “erabateko normaltasunean” egongo dela egoera: “Asmoa da hondartzan kontzertuak egitea, terrazetako kontzertuak ohiko moduan izatea, eserleku finkorik gabe, eta abar. 2019ko Jazzaldia dugu erreferentzia moduan”.