Etxegabetuta, etxegabetzerik gabeko hirian
Azora putre funtsak aginduta, Groseko bizilagun Iñaki Setien eta Rosa Maria Arratibel etxegabetu zituzten herenegun, eta kale gorrian gelditu ziren. Kaleratzeak Stop plataformak, beste eragile batzuekin batera, Azora hirian erakunde 'non grata' izendatzeko eskatu dio udalari.
Asteazkenean, goizean goiz hasi zen mugimendua Ategorrieta hiribideko 43. zenbakiaren inguruan: Azora putre funtsak hala eskatuta, Ertzaintzaren lau furgoneta bertaratu ziren, eta eremua hesitu zuten. 10:00etarako, hainbat herritar zeuden han, Azorak etxegabetzekoak zituen Iñaki Setien eta Rosa Maria Arratibel senar-emazteei babesa adierazteko eta etxegabetzea saihesten ahalegintzeko. Besteak beste, Kaleratzeak Stop, Saretxe eta Alokairu eragileak izan ziren han, baita EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko zinegotzi eta batzar nagusietako diputatu batzuk ere. Etxebizitza eskubidearen aldeko oihuak entzun ziren goiz osoan.
Tentsio une batzuk ere bizi ziren bertaratutakoak atarira gerturatu zirenean, ertzainak euren aurka oldartu baitziren, herritarrak zein kazetariak ezkutuekin eta borrekin bultzatuz eta kolpatuz. Pertsona bat atxilotu zuten.
Epaitegiko ordezkari batzuk eta Azoraren beste batzuk Setienen eta Arratibelen etxera igo ziren, eta Setienek «behintzat» euren gauzak jasotzeko «egun batzuk» eskatu bazizkien ere —Arratibel bere lantokian zegoen—, sarraila aldatu eta bere etxetik bota zuten. Senar-emazteek ez zuten aurretik etxebizitza hustu, «azken egunera arte» Azorarekin negoziatzen aritu zirelako, eta etxegabetzea geldituko zutela uste zutelako: «Itxaropena genuen», adierazi zuen Setienek, Kaleratzeak Stopeko Rosa Garciaren eskutik kalera atera zenean. Gauza gutxi batzuekin beteriko karro batekin eta bere zakurrarekin atera zen kalera Setien, 11:00ak aldera. Herritarren babes oihuak jaso zituen Setienek.
Azorakoek esan zioten astelehenean, hilaren 21ean, joan ahalko zela gainontzeko gauza guztiak jasotzera. «Segur aski, egun bakarra utziko didate gauzak hartzeko», gaineratu zuen Setienek. Azkenean, asteazken arratsaldean Kaleratzeak Stopek ohar bidez jakinarazi zuenez, Setien eta Arratibel arratsalde horretan bertan ziren etxebizitzara joatekoak, «ondasun premiazkoenak» ateratzera.
Etxegabetzea amaitu bezain laster, udaletxera joan ziren Garcia, Setien eta EH Bilduko eta Elkarrekin Donostiako zinegotzi batzuk, Eneko Goia alkatearekin gertatutakoari buruz hitz egitera. Udalak aldi baterako etxebizitza eskaini zien bilera horretan, eta hara ziren joatekoak.
«Kale gorrian»
«Ez daukagu ezer, ez etxebizitzarik ez ezer», salatu zuen Setienek bere etxetik kaleratua izan bezain laster. Arratibelen familiak 100 urte inguru zeramatzan etxebizitza horretan bizitzen, eta Arratibel eta Setien senar-emazteek hogei bat urte. «Goitik behera zaharberritu dugu etxea: leihoak, ateak, lurra eta hormak berritu ditugu, berogailua jarri dugu… Dirutza gastatu dugu. Orain, etxebizitza nola zegoen ikustera etorri direnean, ‘dena zuzen’ zegoela esateko aurpegia izan dute. Erreforma egin genuenean, baimena eskatu genion enpresari, eta esan ziguten ahalik eta hoberen jartzeko, guretzako izango zelako. Ikusten duzu zeinentzako den orain», deitoratu zuen Setienek.
Setien bera da Azorak kaltetutako maizterren plataformako presidentea, eta funtsak bere jarduna zigortu nahi izan duela deritzo: «Nahita eta maltzurkeriaz egin dute etxegabetze hau, aurretik agindu dituzten guztiak atzera bota dituztelako azkenean, eta hau izan da gauzatu duten lehenengoa. Azorako maizterren plataformako presidentea naizenez eta, dirudienez, justizia aldarrikatuz min egiten genuenez, horrela ordaindu digute».
Atsekabetuta eta haserre agertu zen Setien: «Nola nagoen? Nola egongo litzateke edozein pertsona bere etxea bere gauza guztiekin uztera behartuko balute, eta bere burua kale gorrian ikusiko balu, karro batekin eta zakurrarekin? Lotsagarria da!».
Etxegabetzerik gabeko hiria
2015ean, Donostiako Udalbatzarrak «etxegabetzerik gabeko hiri» izendatu zuen Donostia, eta ordutik hainbat eragilek «isilpeko kaleratzeak» gertatu direla salatu badute ere —alokairuaren prezioaren igoerari aurre egin ezinik euren etxeak utzi dituzten bizilagunak, alegia—, asteazkenekoa izan zen 2015etik gertatutako lehenengo etxegabetzea, bere horretan.
Udalak, beste hainbat kasutan egin duen moduan, bitartekaritza lana egin zuen Azoraren eta maizterren artean, baina ez zuen lortu adostasunik egotea. «Jabetza eta maizterraren artean adostasunik lortu ez izana albiste txarra da, baina bi aldeen arteko negoziazioen emaitza da», adierazi zuen udalak etxegabetzearen egunean.
Oposizioko buru Reyes Carrerek, ordea, nabarmendu du udalak harago joan behar duela: «Epaile baten agindu bat egonda ere, alkate batek eta udal gobernu batek bere herritarrak defendatu behar ditu. Izan ere, ezin dira parez pare jarri herritar bat eta multinazional bat; indarrak ez dira berdinak. David eta Goliaten arteko borrokaren modukoa da. Herritarrak babesgabetasun egoera baten gaude, legea enpresaren alde dagoelako. Eta oinarrizko eskubide baten inguruan hitz egiten ari gara».
«Gauza bat da telefonoa altxatzea eta Azorari deitzea, baina hori ez da herritarrak benetan defendatzea. Ez zaio muga bat bera ere jartzen espekulazioari», gaineratu du Carrerek. Ildo horretatik, Kaleratzeak Stopek eskatu du Azora erakunde non grata izendatzeko Donostian, eta oposizioko alderdiak martxoko udalbatzarrean aurkeztu ditzaketen mozioak aztertzen ari dira.
AZORA: 2020TIK DONOSTIAN
Blackstone putre funts estatubatuarrak urratu zuen bidea, eta azkar iritsi ziren beste batzuk, besteak beste, Azora. Putre funts espainiarrak 2020aren hasieran erosi zuen Inmobiliaria Vascongada higiezinen enpresa donostiarra, hiriko hainbat eraikinetako 320 etxebizitza, 50 bat etxabe eta ia 80 garaje bere eginez. Ordutik, asko izan dira Azoraren «jardun espekulatiboa» salatu duten gizarte eragileak eta alderdi politikoak –bereziki, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos–. Salatu izan dutenez, funtsak bizilagunak bota nahi ditu, besteak beste, etxebizitzei erabilera turistikoa emateko. Bereziki, Amarako eta Groseko zenbait bizilagun ziurgabetasunean murgildu ditu funtsak, besteak beste, bizilagun askori alokairuan %33ko igoera ezarriz eta kontratuak ez berrituz. Era berean, beste kaleratze agindu batzuk ezarri izan ditu Azorak Donostian, baina denak bertan behera gelditu dira azkenean. Orain arte.