Frantziako Tourra Donostiako kaleetan
Frantziako Tourra Donostian ikusi ahal izango da datorren urtean, 2023an, bigarren etapa hirian bukatuko baita. Txirrindularitza zale gazteenentzat Tourra hirian ikusteko lehenengo aukera izango da, baina beste bi aldiz ere Donostiatik pasa da lasterketa.

Jaizkibel mendia Hondarribitik igo, Lezora jaitsi eta Oarsoaldea atzean utzi ostean, Donostiara iritsiko dira nazioarteko txirrindularitzako izarrak 2023ko uztailaren 2an, Frantziako Tourreko bigarren etapa hirian bukatzeko —ez da doan izango, udalak 850.000 euro jarriko baititu horretarako—. Ehunka txirrindularitza zale donostiar eta ez donostiar izango dituzte zain, ziur, Tourra ez delako egunero zuzenean zure hirian ikusten.
Indurainen garaian dagoeneko txirrindularitza zaleak ziren donostiarrentzat, ordea, ez da lehenengo aldia izango, bigarrena baizik. Aldiz, beteranoenentzako, hirugarren aldia izango da.
Estreinakoz, 1949an
Urte asko pasa dira, baina ziur badagoela oraindik lerro hauek irakurtzen ari den donostiarren bat, 1949ko Frantziako Tourra Donostian izan zenekoa oroitzen duena. Uztailaren 9an eta 10ean izan zen lasterketa hirian: lehenengoan, Bordeletik abiatu zen bederatzigarren etaparen helmuga izan zen, eta, bigarrenean, hamargarrenaren abiapuntua.
Donostiartutako Jose Gervais Dupoy frantsesaren ekimenez ekarri zuten Tourra Donostiara (1871, Castillon-la-Bataille, Frantzia-1953, Donostia). Izan ere, urte luzez, lan handia egin zuen Gervaisek Donostiako kirol probak sustatzeko, eta, besteak beste, luzaroan saiatu zen Tourra hirira ekartzen; ia 80 urte zituela, azkenean, bere nahia beteta ikusi zuen.

1949ko Frantziako Tourra Donostiatik ibili zeneko une bat, non hainbat txirrindulari Zurriola hiribidea zeharkatzen ikusten diren. (Argazkia: Paco Mari/Kutxateka)
Hala ere, eztabaida batzuk ere izan ziren Donostian Tourraren harira, besteak beste, udalak dirua jarri zuelako lasterketa hirira ekartzeko; gauza batzuk ez dira aldatzen. Era berean, Espainiako Estatua Francoren diktadurapean egonda Tourra Donostiara ekartzea ez zuen begi onez ikusi Frantziako gizartearen zati batek: France Tireur egunkari komunistak, esaterako, diruz saritu zuen azken txirrindularia.
Fausto Coppi eta Gino Bartali ziren garai hartako txirrindularitzako izarrak, eta biak ala biak Donostian izan ziren egun haietan. Ordea, ez batak eta ez besteak ez zuten bederatzigarren etapa hori irabazi; Louis Caput izan zen garai hartan Amaran zegoen zirkuituan kokatutako helmuga gurutzatzen lehena. Hurrengo egunean, udaletxe aurretik abiatu ziren txirrindulariak, Pauerantz, eta Tourrak 43 urte beharko zituen berriz Donostia bisitatzeko.
1992an, Indurain nagusi
Duela ia 30 urte, 1992ko uztailaren 4an, Frantziako Tourra Donostiara itzuli zen, Euskal Herriko txirrindularitza zaletasunaren urrezko aroan. Izan ere, Miguel Indurain txirrindulari nafar handiaren garaia zen, eta aurreko urteko Tourra irabaztetik zetorren.
Donostiarrek hiru egunez ikusi ahal izan zituzten nazioarteko txirrindularitzako izarrak Donostian 1992ko uda hartan: atariko erlojupeko etapa hiriko kaleetatik egin zuten uztailaren 4an, lehenengo etapak (hilaren 5ekoak) Donostia izan zuen abiapuntu eta helmuga eta bigarren etapa, hilaren 6koa, Donostiatik abiatu zen, 1949an gertatu zen moduan, Pauerantz.

1992ko Tourreko etapako tropela, Ondarretara heldu berritan. (Argazkia: Pello Lopez/Kutxateka)
Aurreko Tourra irabazi zuenez, Indurain maillot horia jantzita ibili zen Donostiako kaleetatik atariko erlojupekoan. Egun hartan ez zion inork kendu kolore horiko elastikoa, bederatzi minutu eta 22 segundoko denboran egin baitzituen erlojupeko zortzi kilometroak.
Bigarren etapa Donostiatik irten zen, eta 194 kilometro egin eta gero, Zurriolan zuten helmuga txirrindulariek. Egun hartan, ordea, Indurainek maillot horia galdu zuen, Dominique Arnouldek irabazi baitzuen etapa, eta, denbora sariei esker, Zullek jantzi zuen liderraren elastikoa. Hala ere, Indurainek ez zituen besoak jaitsi, eta Tour hori ere irabazi zuen azkenean; hori, eta hurrengo hirurak: 1993koa, 1994koa eta 1995ekoa. Aipatzekoa da, gainera, garai hartan Altzako bizilagun Manuel Arrieta Irizar zela Indurainen masajista, eta Arrietak Indurain eta konpainia Altzako Lau Haizeta jatetxera eraman ohi zituela txirrindulariak, Tourreko garaipenak ospatzera.
Hirugarren etapan esan zion agur Tourrak Donostiari, baina datorren urtean hemen izango dira berriz txirrindularitzako izarrak.