Itsas hondoko altxorra

Jakintza ikastolako 5 eta 6 urteko ikasleak.
Kantauri itsasoaren ondoan Jakintza ikastola dago. Ikasle zein langile guztiek kostaldeko kresalaren usaina suma dezakete. Bertako paisaiak urtaroetan zehar izaten dituen aldaketak bizitzen ditu, baina gainazalaz aparte, zer gertatzen da begi bistan ez dagoenarekin? Ur azpian zer egon daitekeen jakitera murgildu dira 5 eta 6 urteko pirata ausartak.
Zer dakigu itsas hondoari buruz? Bakoitzak bere ezagupenak partekatu ondoren, haien etxekoak lanean jarri ditu: informazioa bildu, itsasoari buruzko liburuak, ipuinak… ikastolara eraman ditu. Denok batera ikastera!
Ondoren hondartza aldera jo dute. Ondarreta beraien jolastoki ezagun bezain garrantzitsua da, eta ederki zaintzen dute! Itsasoari begira jarri ondoren, mareak ekarritako opariak bildu dituzte: harriak, txirlak, makilak… nondik ote datoz? Ikasgelara eraman, eta erabilpena emango diete! Jolasetan eta eskulanetan, gora sormena!
Aurkikuntzez gain, itsaspeko izaki bizidunek interes handia piztu dute, bereziki animaliek. Ikasteko prozesuan bitxikeria asko topatu dituzte: arrain batzuk urrutiko itsaso tropikaletan bizi dira, eta kolore biziak dituzte; beste batzuk aldiz, itsaspean ikusteko ,beltzak, puntadunak eta argi emaileak dira. Arrain gehienek brankietatik arnasten dute, baleak eta beste ugaztun batzuek aldiz, gure birikak bezalakoak dituzte. A zer zoramena!
Itsas animalia asko ezagutu ondoren, gelara arrandegiko arrain batzuk ekarri ditugu barrutik zein azaletik aztertzeko. Ikasle batzuek nazka sentitu dute, beste batzuek ezinegona, beste batzuk txunditurik geratu dira, eta usaindu eta ukitu egin dituzte. Zientzia ekintza bihurtu dira zentzumenak!
Aquariumera joan gara, bertan animalia mordoa ikusi ditugu. Urrutiko itsasoetatik gure Kantauri itsasora ekarritako arrain asko eta asko daude bertan, tamaina, kolore, mugimendu oso bereziak dituztenak. Urpekariak agurtu ditugu haien lana egiten zuten bitartean. A zer gozamena!
Hemendik aurrera, izandako bizipen guztien ondoren, itsasertzera hurbiltzen garenean gure begirada haratago iritsiko da!